Nafarroako Gobernuak martxan jarri ditu Goizueta-Hernani lineako bonoak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 18a, 00:00

Ohiko deskontuez gain, %50eko deskontua izanen da orain autobus linean bidaiatzeko. Deskontuak urtea bukatu arte iraungo du.

Nafarroako Gobernuko Garraio Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak Goizueta-Hernani autobus linean erabiltzeko bonoak aktibatu ditu. Gauzak horrela, ohiko deskontuez gain, erabiltzaileek %50eko deskontua izanen dute txarteletan.

Honako baldintzak izanen dituzte bonoek: 10 bidai egiteko balio dute, pertsonalak eta bakarkakoak dira, autobusean bertan eskatu daitezke, 2024ko urtarrilaren 31 arte erabili ahal izanen dira eta gainontzeko deskontuekin bateragarriak dira.

Beraz, beste deskonturik gabeko bonoek 13,75 euro balioko dute, Gazte Txartelaren edo Familia Ugariaren deskontuarekin uztartzen diren bonoek 11 euro balioko dute, eta deskontu guztiak batzeko aukera duten erabiltzaileek 8,80 euro ordainduko dute bonoa.

Leitzara joateko errepidea itxita egonen da aste honetan

Autobus lineako bonoena ez da mugikortasunarekin zerikusia duen albiste bakarra. Goizuetatik Leitzara doan errepideko konponketa lanak direla eta, bidea itxita egonen da aste honetan. Atzo goizeko 08:00etan itxi zuten, eta hala mantenduko dute ostiral honetako arratsaldeko 19:00ak arte. Egun hauetan gau eta egun egonen da itxita errepidea; beraz, ez da bertatik igarotzeko aukerarik izanen.

Hurrengo astean ere obrek baldintzatuko dute Goizueta eta Leitza batzen dituen errepideko mugikortasuna. Izan ere, uztailaren 24tik 29ra langileen lan orduetan itxita egonen da bidea; goizeko 08:00etatik arratsaldeko 19:00etara, alegia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!