Izatez, ekainaren 3an ospatu zuten Txondor Egunaren aurreneko edizioa Goizuetan, eta egun horretan piztu zuten, aurretik muntatutako txondorra. Txondor Egunaren arrasto aberasgarria, dena den, hilabetez luzatu da herrian, aurreko asteburuan txondorretik ikatza atera zuten arte.
1.500 kilo inguru ikatz atera zituzten bertatik, baina hori baino emaitza garrantzitsuagorik eman du txondorrak: haren inguruan hilabete batez sortu den giroa, eta herriari eman dion bizitasuna. Adin guztietako jendea elkartu da haren bueltan, eta bisitan joan dira beste herri batzuetatik ere, ikazkinak tartean.
Ikatza noiz eta nola saldu, aste honetan zehar erabakitzeko kontua
Txondorretik ateratako ikatza saldu eginen dute txondorgileek, makina bat lagunen eskaera jaso baitute dagoeneko, herriko jendea eta sagardotegiren bat tarteko. Baina oraindik ez dute erabaki noiz eta nola eginen duten salmenta. Garai batean, herriko plazan enkantea egiten zuten txondorgileek, eta litekeena da hala izatea oraingoan ere. Printzipioz, aste honetan zehar dira horri buruz eztabaidatzekoak, eta jakinaraziko dute nola eginen duten. Edozein kasutan, salmenta horretan, txondorgileen taldekoek izanen dute lehentasuna ziurrenik, ondoren herritarrek, eta azkenik gainerakoek.