Joseba Sarrionandia Goizuetan izanen da bihar, 'Egoerak eta liburuak' hitzaldia eskaintzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 15a, 00:00

Joseba Sarrionandia, Anboto astekariak egindako elkarrizketa batean.

Arratsaldeko 18:30etan hasita, bertaratuekin solasean ariko da idazle iurretarra udaletxeko ganbaran, Goizuetako Kultur Taldeak antolatuta.

Hitzordu berezia jarri du Goizuetako Kultur Taldeak, bihar arratsalderako: udaletxeko ganbaran izanen da Joseba Sarrionandia idazlea, 18:30etatik aurrera; eta Egoerak eta liburuak hitzaldi-solasaldia eskainiko du bertan. Bere bizitzari buruzko pasarte eta kontu ugari landuko ditu idazle iurretarrak, bertaratutakoekin solasean.

Hori horrela, hizpide izanen ditu bere gazte garaiko egoera soziopolitikoa, euskeraren kontzientzia hartu zuenekoa eta ondoren egindako alfabetatzea, unibertsitate garaia, Pott banda, literaturan egindako aurreneko urratsak... Literaturak izan duen garapenaz eta egungo egoeraz ere ariko da Joseba Sarrionandia, solasaldian.

Poesian zein narratiban, makina bat liburu argitaratu ditu idazle iurretarrak, 40 urteko ibilbidean. Horien artean azkenekoa, Munduari bira eman zion ontzia ipuin ilustratua, joan den urtean argitaratu zuena, Ares marrazkilari kubatarraren ilustrazioekin. 1985ean kartzelatik ihes egin ondoren, 31 urtez bizi izan zen erbestean ezkutuan, Habanan (Kuba); eta 2016an egin zuen aurreneko agerraldia. 2021etik dago Euskal Herrian, berriro ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!