Txondorrarekin batera piztuta, gazteen jakinmina eta helduen oroitzapenak

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 3a, 00:00

Txondorra egiten aritu den lantaldeko kide gehienak, txondorra atzean dutela. Talde haundia elkartu dira lanerako, azkeneko hilabetean.

Berezia izango da gaurko eguna, Goizuetan: azkeneko asteotan prestatutako txondorra piztuko dute, eta horrekin batera, herri osora zabalduko da usain bereizgarri bat, adinekoei oroitzapen ugari ekarriko dizkiena: «Emozio asko biltzen dira txondorraren bueltan».

Goizuetako hilerriaren pareko zelaian elkartuko dira makina bat herritar, gaur eguerdian; eta ekitaldi hunkigarri baten ondoren, usain bereizgarri bat zabalduko da bertatik herri osora, 20 egunez mantenduko dena. Usain horrek piztuko ditu herriko adinekoen oroitzapenak, eta gazteen jakinmina.

Ez da zelai hutsa, gaurkoan elkargune izanen dutena. Txondor plaza dago bertan, duela 12 urtetik; eta bertan montatu dute txondor berri bat, azkeneko asteotan, 20 lagunetik gorako koadrila elkartuta. Txabola ere egin dute txondorretik gertu, garai bateko ikazkinek mendian egiten zuten bezalaxe, txondorra gau eta egun zaintzeko. Eta prestaketa lan guztien ondoren, gaur piztuko dute txondorra, eguerdiko 12:15etan. 

Horren bueltan prestatu dute egun osoko egitaraua, eta Goizuetako Txondor Egunaren lehenengo edizioa izango da gaurkoa: Mendialdeko Azoka ibiltaria 10:30etatik aurrera, txondorraren piztuera ekitaldia 12:15etan, eta herri bazkaria 14:30etan.

2011ko Feri Eguneko berezitasun izatetik, Txondor Egun propiora

Ez da hori izanen, Goizuetan azkeneko urteotan egin duten txondor bakarra. 2011ko Feri Egunarekin piztu zuten aurrenekoa: «Aurreko urtean, Feri Batzordean sortu zen ideia, eta jakin genuen Andoni Etxenike aritua zela txikitan aitari laguntzen; bere aita izan baitzen Goizuetako azkeneko txondorgilea», kontatu du Fernando Goiak, ekimenaren an­tolatzaileetako batek. Handik urtebetera egin zuten txondorra, omenaldi gisa ere balio izan zuena: «Ni banenbilen beste txondor bat egiteko proiektu batean, eta juxtu aita hil zen urte hartan. Horregatik, aitari omenaldi gisa, urte aproposa iruditu zitzaigun txondorra egiteko», azaldu du Andoni Etxenikek berak. «Eta eskerrak aurrera egin genuen, gazte pila bat animatu baitziren. Talde ederra osatu genuen».

Erronka ez zen batere erraza Etxenikerentzat, ordea. 16 urte zituela ikusi zuen aita txondorra egiten, azkenekoz. «10 nituenetik 16ra arte, laguntzera joaten nintzen, eta urtero egiten genituen bi txondor. Baina duela 40 urte izan zen hori, eta bestelako lanetan aritzen nintzen ni. Mandoarekin zakuak garraiatzen, eskuaretzen... Ume kozkor bat nintzen, gainera, eta erronka haundia zen orain txondorra egitea. Jendeak ere pentsatzen zuen, nola egingo ote genuen, nik txikitan ikusitakoa bakarrik edukita», adierazi du.

«Ausardia haundia izan zuen Andonik», goraipatu du Goiak: «Gauza bat da zure jardinean egitea txondorra, probatzeko; bai­na herri osoaren aurrean egitea, beste kontu bat da».

Baina egin zuten txondor hura, eta ondo atera zen, gainera. Orduantxe jarri zuten hitzordua, hurrengoa egiteko ere: «Txondorra egin genuenean, Iñigo Elizegi falta zen, preso baitzegoen; eta esan genuen, hurrengoa egingo genuela bera kartzelatik ateratzean. Badira urte batzuk atera zela, baina tira... Errekuperatzeko eman diogu astia, eta orain lanean jarri dugu!», diote barrez.

Hain juxtu, Iñigo Elizegik berak piztuko du txondorra: «Berezia izango da, emozio asko biltzen baitira txondorraren bueltan. Gainera, duela gutxi joan zaigu lagun bat, Txamo Apezetxea. Oso mistikoa da, txondorrak piztuta ematen duen lasaitasuna. Terapia bezala, ezin hobea da». Izango du beste berezitasun bat ere, ekitaldiak: «Txondorra pizteko, erabiliko ditugu bi ikatz ezberdin, nahastuta. Batetik, guk duela 12 urte txondorretik ateratako ikatza; eta bestetik, Antzingoek duela bi urte egindakoa. Senidetuta daude bi herriak, eta bien ikatzak nahastuta, sua eman eta piztuko dugu aurtengo txondorra».

Aurrerantzean, maizago egin nahiko lukete txondorra, zen­bait urtetik behin Txondor Eguna ospatuta: «Duela 12 urte haurrak zirenak, kasik oroitzen ez dutenak, orain txondorra egiten aritu dira lantaldean. Nahiko genuke horrela gertatzea hurrengoetan; transmisioa bermatu eta jarraipena eman. Azken batean, txondorrak esanahi haundia izan du Goizuetan», dio Fernando Goiak.

25 burdinola, eta makina bat tona ikatzen beharra

Txondor asko egiten ziren Goizuetan, garai batean; eta ez da kasualitatea. «Lur asko dauzka, eta baso pila bat. Beraz, makina bat txondor egiten ziren bertan; baina ez hemen bakarrik, bazter guztietan baizik. 500-600 urteko teknika da, eta oso zabalduta egon da. Oraindik ere egiten da, Afrikan adibidez. Mundu mailan zabalduta dago, eta toki bakoitzean egiten da bertako egurrarekin».

Gainera, ikatza ezinbesteko erregaia zen Urumea bailaran, garai hartan: «Errekaren inguruan, zortzi kilometroko tartean, 25 burdinola izan ziren martxan Goizuetan. Eta horientzako, ikatza behar zen, ikatz asko. Arranbideko burdinolak 10.000 karga ikatz gastatzen zituen urtean, eta karga bakoitza 115 kilokoa. Guk orain egin dugun txondorrean, lau tona egur kargatu ditugu, eta tona bat ikatz aterako dugu, pentsa», azaldu du Fernando Goiak.

Txondorgintzatik dator Inauterietako Zahagi Dantza bera ere: «Ikazkin baten istorioa da herrian zabalduen dagoena. Mendian txondorra egiten ari zirela, ardo bila jaitsi zen bera herrira, zahagia hartuta, aurpegia belztuta zuela. Behar baino gehiago edan omen zuen, herriko neskak beldurtu omen zituen bere aurpegi belztuarekin eta begizuloekin, eta haien atzetik ibili zen zirikan. Horregatik, makilekin astindu zuten herriko gazteek».

 

Begibistakoak, txondorrak egiten ziren tokiak

Askorentzat pasako dira oharkabean, mendian, txondorrak egiten zituzten tokiak. Baina txondorgintzari buruz zer edo zer dakitenentzat, begibistakoak dira: «Ezagutuz gero, nabaritu egiten da non egiten zen txondorra. Edozein harizti edo pagaditan, erdian ikusten da gune leun bat, txondor plaza zena. Eta normalean, hortik gertu, beste zelaigune bat izaten da, txabola zegoen tokia», azaldu dute.

Zuhaitzek ere ematen dute horretarako pista: «Morrotutako edo trasmotxatutako pagoek ematen dute toki horiek detektatzeko aukera. Berez, zuzenak izango lirakete pagoak, baina kandelabro itxura dute. Izan ere, morrotu egiten zituzten, txondorrak egiteko erabili ahal izateko. Bestela, zuzen-zuzenak zirenak, armadak eramaten zituen denak, barkuak egiteko. Horretarako morrotzen zituzten, armadak ez eramateko, eta ogibidea mantentzeko; bai ikazkinena, eta baita artzainena ere, ganaduarentzat behar baitzituzten haritzak, pagoak edota gaztainak».

Zentzu horretan, «sistema ja­sangarria» iruditzen zaio txondorgintza Etxenikeri, «men­diak garbitzeko eta txukuntzeko. Gaur egun Euskal Herrian pagoa bada, horregatik da, ikazkinek trasmotxatzen zituztelako, eta maiztasun batekin moztu».

Udaberritik udazkenera mendian lanean, taldeka

Hilabetetako lana zen txondorgintza, eta taldeka aritzen ziren: «Udaberrian joaten ziren mendira, eta udazkenean bueltatu. Taldeak izaten ziren, eta bakoitzak zeukan bere zeregina. Batzuek egurra moztu eta biltzen zuten, txondor plaza batean utzi, eta beste txondor batera joaten ziren. Beste talde batek, txondorra montatzen zuen; tximinia egin, egurrez kargatu, orbela eta lurra jarri, eta sua eman. Eta orduan joaten zen teknikoa, eusten ziona. Beteranoena izaten zen hura. Izan ere, teknika konplexua da. Egur motak, eguraldiak, haizeak... eragiten dute txondorrean, eta horren arabera jokatu behar duzu, beroa non dagoen kontrolatu, zer tapatu ikusi, tenperatura igo, sua bideratu... Pertsona horrek bi edo hiru txondor zuzentzen zituen aldi berean, eta besteak geratzen ziren txondorrak zaintzen bitartean», azaldu du Andoni Etxenikek. Orain, bera ari da beteranoaren paperean: esperientziarik gabe egin zuen aurrenekoa, baina dagoeneko eginak ditu 11: «Horrela, pixkanaka joan naiz gauza asko oroitzen eta konturatzen, aitak egiten zituenak».

Oraingoan, 20 lagunetik gorako taldea elkartu dira, eta hilabete daramakite txondorra prestatzen, asteburuetan elkartuta: «Aurrena egurra ekarri genuen, moztu, txondor plaza garbitu eta prestatu, eta materiala inguruan utzi. Eta joan den asteburuan, txondorra montatu genuen. Egur haundienak hasieran jartzen dira, tximiniaren inguruan; ondoren ertainak, eta azkenik txikiak. Izan ere, suak hasieran izaten du indar gehien, erdian; eta gero jaisten joaten da. Horregatik, egosten errazagoak direnak jarri behar dira kanpoan. Orbela horretarako botatzen zaio, oxigenorik ez sartzeko; baina berotasuna kanpoaldera hurbiltzen doan heinean, hotzago dago eta kontaktu gehiago dauka kanpoaldearekin. Nik egin nuen tximinia eta bigarren fasea. Eta hirugarrena, utzi genuen asteburu horretarako, jendeak ikusteko nola montatzen zen, eta parte hartzeko. Bakoitzak dauzka bere zereginak, baina nahi diote txondorrari egurra jarri, eta polita da. Eta behin montatuta, jarri genion orbela eta lurra», dio Etxenikek.

Berezia da txondorraren egitura: «Erdian daukan zutoina da alkatea, tximinian sartzen dena. Gero atera egiten da, eta depositua da tximinia. Bertara botatzen da brasa, makil txikiz betetzen da, eta hagarekin goiti-beheiti prentsatzen da, ahalik eta oxigeno gutxien egoteko. Brasa horren berotasunarekin, joan behar du txondor guztiak egosten, pixkanaka, sua bideratuz», azaldu du Goiak.

Alkatearen izenak badauka bere esanahia: «Txondorra montatzen ari zarela, okertu egiten duzu askotan, eta alkateak zuzendu egiten du tximinia, herri bat zuzentzen duen bezala», argitu du Etxenikek.

Txondorra piztuta, oroitzapenak dantzan

Gaur piztuko dute txondorra, eta badakite, ondo jakin ere, oroitzapen ugari ekarriko dituela bueltan, herriko adinekoen artean. Hala gertatu baitzen duela 12 urte ere, aurrenekoa egin zutenean. «Hunkigarria izan zen piztuera. Txondorrak oso usain berezia dauka, egosten ari denean; ikaragarria da. Eta helduek gogoratzen zuten, beraien aita edota aitona etxera iristen zirenean, usain hori zeukatela. Txondorra piztuta eduki genuen egun horietan, egunero sortu zen istorioren bat, txondorraren eta bere usainaren inguruan».

Orain ere, hasi dira oroitzapenak azaleratzen, txondorra piz­­tu aurretik: «Gurekin taldean dabilen baten amak, 80 urte baino gehiago dauzka, eta osasunez nahiko motel dabil. Baina etxetik eskapatu zen aurreko batean, txondorra ikustera, bera bakarrik. Eta leihorik ez du itxiko, usaina uneoro sartzeko etxera. Ilusioa dauka, eta paseoan joaten da bertara», kontatu du Goiak. Eta Etxenikek berretsi: «Jende helduari, gurasoen oroitzapenak pizten dizkio. Esaten digute, hurrengo hilabetean egiteko beste bat, berpiztu egiten dituelako adinekoak».

Oroitzapenak piztu ditu adinekoen barruan, eta jakinmina gazteen artean: «Gogoa izanez gero, dena egin liteke; eta ikusi dugu merezi duela. Aurrekoan, Antzingo bat etorri zen, eta esaten zigun zoragarria dela hemen daukaguna. Lanerako giro ona, gazteak bolondres eta jakinminez... Toki gutxitan gertatzen da hori. Gu ohituta gaude auzolanean aritzera, herri bezala horrela formatu gaituelako Goizuetak. Hala bizi izan gara, eta espero hala bizitzea».

20 egunez izango dute txondorra piztuta, «ez estresatzeko». Duela 12 urteko hura, «haundi xamarra» egin zuten, oraingoaren bikoitza; eta ezinean aritu ziren, batzuek lanera joan beharra zutelako, ezin txandak osatu. Gainera, eguraldiak ere ez zien lagundu, eta ikatza ateratzea erabaki zuten: «Gau osoa eman genuen lanean, sekulako paliza hartu genuen. Baina jende askok lagundu zuen, eta giro ederra sortu zen. Etortzen zen bat txokolate beroa ekartzera, bestea kafearekin... Kalean zoriondu egiten gintuzten, ez zutelako uste egitea lortuko genuenik».

Bereziki garrantzitsuak izaten dira aurreneko lau egunak, eta hortik aurrera, egosketa garaian, bi-hiru lagunek zainduko dute. Gainera, lasaiago aritzeko, gauean itxi egingo dute, eta goizean berriro ireki, berpizteko.

Enkantea, garai batean egiten zen bezalaxe

Pilatutako esperientziarekin, Andoni Etxenikek ondo detektatuko du noiz dagoen ikatza egina: «Berotasuna jaisten denean, bazterretatik hasiko da sua. Horrek esan nahi du gehientsuena egina dagoela. Egun bat pasatzen utzi, eta hasiko gara frexkatzen. Horretarako, lurra eta orbela kendu, eta berriro botatzen diogu. Horrela, ateratzeko garaian, ez dago hain beroa; bestela, haize bolada batek txinparta sortu dezake. Goizeko bostetan ateratzen da, ahalik eta frexkoen dagoenean. Prozesu hori errepikatzen da zenbaitetan. Eta ateratako ikatza hoztu denean, zakuetan sartuko dugu», azaldu du.

Hortik aurrera zer? Garai batean bezalaxe borobilduko dute txondorgintzaren prozesua: enkantea eginez. «Garai batean ez zen aukera haundirik izaten ikatz begetala lortzeko, eta Za­rauztik, Getaritik, Oriotik... etortzen ziren furgoneta pila bat Goizuetara. Enkante eta guzti egiten zuten herriko plazan, ikazkin guztiak bertara bilduta. Ikazkin pila bat elkartzen ziren, bakarka, familiak, enpresak... Eta ikatz bakoitza nork egin zuen arabera, gehiago edo gutxiago ordaintzen zuten erosleek, bazekitelako zeinek egingo zuen ikatz ona. Batzuk espabilatuak ziren, eta busti egiten zuten; orduan pisu gehiago zeukan, baina sua ematean nabaritu egiten zen, txinpartak ateratzen zituen. Gaizki egina edo gutxi egina badago, pisu gehiago izaten du ikatzak; beraz, debaluatu egiten da bere prezioa. Ez zekienak erosiko zuen beharbada, baina horretan zebilenak bazekien ondo», kontatu du Andoni Etxenikek.

Oraingoan ere, ikatza ateratakoan, enkantea egingo dute ikazkinek, «jende askok erakutsi baitu interesa».

Txondorgintza, ondare edo ogibide?

Diru pixka bat bilduko dute enkantean, elkarteei edota presoei laguntzeko. Baina hortik harago, lanbide gisa izango luke etorkizunik gaur egun? «Bai eta ez», dio Etxenikek: «Orain egiten dugu gazteei erakusteko eta ahaztuta ez geratzeko, baina gelditu da folklore gisa, festa egiten dugu horren inguruan. Lan asko egiten da, eta diru gutxi irabazi. Posible da diru pixka bat ateratzea, eta lan osagarri gisa interesgarria da. Eta etorkizunera begira, garrantzitsua litzateke jasangarritasunari begira, mendiak zaintzeko, zalantzarik gabe. Niri ez litzaidake inportako etxean urtero egitea bat, eta seguru salduko nukeela ikatza. Gaur egun internetek ematen dituen aukerekin eta bertako produktu bezala salduta, ez zara aberastuko, baina diru pixka bat aterako duzu». 

Horren harira, 2011n txondorra egin zutenean aitarekin izandako solasaldi bat ekarri du gogora Fernando Goiak, gaztetan txondorgintzan laguntzaile aritu baitzen aita: «Galdetu nion errentagarria izan ote zitekeen txondorrak egiten aritzea, horretatik bizitzeko. Eta erantzun zidan, zuei ez behintzat, egunean bi aldiz dutxatzen zarete eta!», kontatu du barrez. Eta pasarte xelebrea borobildu du: «Kamixetatik eta galtzetatik barruraino sartzen zaizu txondorreko hautsa. Lehengo esaera batek zioen, txondorgileek pito punta bakarrik izaten zutela garbi».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!