Goizuetarren babes zabala jaso du EH Bilduk berriro, aurtengo udal hauteskundeetan; eta Unai Miranda izango da alkate, datorren legegintzaldian ere.
Bost puntu egin du behera partehartzeak, duela lau urteko hauteskundeen aldean; eta deitutakoen %68,79a hurbildu da botoa ematera Xalto eskolara; guztira, 388 hautesle. Horietatik, 358 herritarrek eman diote babesa EH Bilduri. 21 boto izan dira baliogabeak, eta beste 9 zuriak.
Aurreko hauteskundeetako emaitzen oso antzekoak izan dira oraingoak. Orduan, 437 bototik 405 jaso zituen EH Bilduk, eta 32 izan ziren zuriak edo baliogabeak. Hori horrela, herritarren babesa jasota, Goizuetako Udaleko zazpi zinegotziak izango dira EH Bildurenak, beste lau urtez, Unai Miranda berriro ere alkate dela.
UNAI MIRANDA: «BELDURRA GENUEN PARTEHARTZEAREKIN, ETA KONFIRMATU EGIN DA»
Boto zenbaketa bukatu eta berehala erantzun zion Kronikaren deiari Unai Mirandak, emaitzen balorazioa egiteko. Garrantzia eman zion partehartzea jaitsi izanari: «Bost puntu inguru jaitsi da partehartzea, eta esanguratsua izan liteke hori. Bestela, zerrenda bakarra izanda, sorpresa haundirik ez da izan. Beldurra genuen partehartzearekin, eta konfirmatu egin da. Egia da, zerrenda bakarra izatearen ondorio ere izan daitekeela». Era berean, nabarmendu zuen eskualdean ere EH Bildu nagusi izatea botoen zenbaketan, une horretara arte.
Aurreko legegintzaldiko lanari jarraipena emanez, «despopulazioari aurre egiteko neurriak hartzea» izango da lehentasuna: «Etxebizitza, oinarrizko zerbitzuak... Horiek guztiak martxan jartzea tokatuko zaigu orain, herritarren laguntzarekin, zalantzarik gabe», aurreratu zuen beste lau urtez Goizuetako alkate izango denak.