Nekeak, sakeak eta Bakaikoak gainditu dute Salaberria finalean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 00:00

Iker Salaberria atzoko finaleko tanto bat amaitu eta gero.

22-20 galdu zuen Promozio mailako Buruz Buruko finala goizuetarrak partidu ezin gogorragoan.

Iker Salaberriak ezin izan zuen Promozio mailako Buruz Buruko finala irabazi, Joanes Bakaikoaren aurka 22-20 galdu eta gero. Partidu itzela jokatu zuten atzo bi pelotariek, Labriten, baina batek irabazi behar zuen eta txanpona etxarriarraren alde erori zen. Salaberria beraz, azpitxapeldun geratu da.

Nekea eta sakea izan ziren finaleko gakoak. Bakaikoak zazpi tanto egin zituen sakearekin eta goizuetarrak bi. Gainera, azken tantoan, nekeak eraginda, Salaberriak txapapera bota zuen errematea. Finalean 400 pelotakadatik gora izan ziren eta partidu ikaragarria jokatu zuen bai batak eta bai besteak. 

Denbora guztian berdinduta joan ziren eta goizuetarra 16-18 aurreratu arren, azken tantoetan sakearekin min haundia egin zuen Bakaikoak eta hor erabaki zuen finala.

Azaroan, Promozioko Lau T'erdiko finala irabazi zuen Salaberriak eta atzo bigarren txapela bat gertu izan arren, ihes egin zion azken unean. Hala ere, harro egoteko partidua osatu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!