Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du gaur Iker Salaberria goizuetarrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 27a, 00:00
Asteazkenean egin zuten material hautaketa saioa, Labriten.

Bigarren urtez jarraian Buruz Buruko finala jokatuko du gaur Salaberriak. Joanes Bakaikoa izango du aurrean, aurkari gogorra da, baina Salaberria «gogotsu» dago. Arratsaldeko 17:15etan hasiko da festibala, Iruñeko Labriten.

Bigarren urtez jarraian, Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du Iker Salaberria goizuetarrak. Gaur arratsaldeko 17:15etan hasiko da festibala Iruñeko Labrit pelotalekuan, eta aurreko urteko arantzatxoa kentzen saiatuko da Salaberria: «Gogotsu nago pasa den urteko arantza ateratzeko, ez ziren gauzak nik nahi bezala irten, eta aurten beste aukera bat daukat. Batez ere, gogotsu nago gauzak ondo egiteko». 

Finalerako ibilbidea behetik gorakoa egin du goizuetarrak. Final laurdenetako ligaxkako lehenengo partiduan zalantzaz beteta geratu zen, Zabalaren aurka 22-10 galduta. Hortxe iritsi zen txip aldaketa, eta ondorengo partidu guztiak irabazi ditu: 22-19 Larrazabalen aurka, 22-18 Agirreren kontra eta 22-15 Egigurenen aurka finalaurrekoan. Konfiantza haundia eman dio bilakaera horrek Salaberriari: «Sentsazioak oso onak dira, lehenengo partiduan Zabalaren aurka erraz galdu nuen, baina ondorengo partiduak final baten modura jokatu ditut. Aurrera jarraitzea lortu dut, eta konfiantzarekin nago».

Oraingoan Joanes Bakaikoa izango du aurrean; 2018ko txapeldunaren hirugarren finala izango da gaurkoa. Etxarriarrak jokatu dituen partidu guztiak irabazi ditu aurtengo edizioan, eta finalaurrekoan Agirre mendean hartuta (22-17) lortu zuen finalerako txartela. Salaberriak argi dauka aurkari gogor bati egin beharko diola aurre, eta horrek motibatzen du: «Badakit Joanes oso aurkari gogorra dela eta gauzak ondo egin beharko ditudala. Baina ni ere ondo nago, gogoak dauzkat gauzak zailtzeko eta beste txapela bat irabazteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!