Gaur abiatuko da bailarako mendi lasterketen astea, VIII. Goizutrail lasterketarekin. Goizeko 09:00etan hasiko da proba, ibilbide motza, luzea eta errelebokakoa egiteko aukera dago, eta hiru modalitateetan izena emateko tartea izanen da 07:30etatik 08:30etara.
Ibilbideari dagokionez, Goizuetako plazatik abiatuko dira korrikalariak. Bertatik Aitasemegi auzora igo beharko dute, bide estu bat jarraituz. 4 kilometroko pistako ibilbidea jarraitu ondoren, Eneko Elorriko bizkarrera igoko dira, eta bertatik, Espideko sorotik igaro ondoren, herrira itzuliko dira. Horiek izango dira lehenengo 10 kilometroak, eta bertan amaituko dute lasterketa ibilbide motza osatuko duten korrikalariek, baita errelebo modalitateko lehenego korrikalariak ere.
Ibilbidearen bigarren zatian Mandoegiko gailurrera igo beharko dute, berriro ere herriko plazan bukatzeko. 25 kilometroko ibilbidea osatzen duten korrikalariek 1636 metroko desnibelari egin beharko diote aurre.