'Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak' ipuin ilustratua aurkeztu zuten astelehen goizean, Goizuetako Xalto eskolan. Goizuetarekin lotura zuzena dauka ipuinak. Izan ere, kontatzen ditu gerraostean Oiartzungo errotak itxi zituztenean, eta «mixeri gorritik atetzeko», oiartzuarrek astoz eta gauez Nafarroako errotetara egiten zituzten bidaiak: Goizueta, Arantza, Lesaka eta San Antongo errotetara, hain juxtu.
Jone Ugaldebere Sarasua da proiektuaren sortzailea, eta Joxe Kruz Ezeiza Aizpurua Kaxkarekin eta Iñaki Pikabea Lasarekin lantaldea osatuta, testigantzak jasotzeari ekin zioten. Bizipen horiek oinarri hartuta sortu dute ipuina. Jokin Mitxelena Erizek egin ditu ilustrazioak, eta Iban Apaolaza Sanchok idatzi du ipuina. Horrez gain, ipuinaren amaieran Wikiloceko mapa eta erreferentziekin bildu dituzte ibilbideok: Iturriotz-Goizueta; Karrika-Arantza; Karrika-Lesaka; eta Ergoien-San Anton.
Maiatzaren 11n egin zuten lehen aurkezpena Oiartzunen, eta dagoeneko hasi dira Nafarroako herri horietako eskoletan aurkezpenak egiten. Maiatzaren 12an izan ziren Arantzako eskolan Jone Ugaldebere, Joxe Kruz Ezeiza eta Iñaki Pikabea, liburua aurkezten. Astelehen goizean izan zuten hitzordua, Goizuetako eskolan. Eta bihar, berriz, Lesakako Ikastolan dute zita.
'Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak' ipuin ilustratua, 1545 argitaletxeak eman du argitara; eta dagoeneko eskuragarri dago 15 euroan, honako tokietan: Goizuetan, Estankoan; Lesakan, Xagu eta Telletxea liburu-dendetan; eta internet bidez, www.1545.eus webgunean.
Irratian ere jardun dute ipuin ilustratuari buruz solasean, Jone Ugaldeberek, Kaxkak eta Iñaki Pikabeak saio batean, eta beste batean, Iban Apaolazak; guztiak Oiartzun irratiaren eskutik. Eta entzungai daude ondorengo bi esteketan: https://tinyurl.com/4s5zt7cm eta https://labur.eus/DfU28.