«Biztanleriaren jaitsiera gelditzea da erronka nagusietako bat»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Unai Miranda Berroeta, Goizuetako EH Bilduren alkategaia.

Aurten ere EH Bildurena izango da Goizuetan aurkeztuko den zerrenda bakarra, Unai Miranda Berroeta buru dutela. Bigarren aldiz aurkeztuko da Miranda alkatetzara, «era naturalean» hartutako erabaki baten ondorioz: «Horrelako ardura bat hartzen denean garrantzitsuena herriaren alde lana egiteko ilusioa edukitzea da».

Lau urtez izan zara alkate. Nola heldu diozu berriro zerrendaburu izateko erronkari, oraingoan? 

Nahiko era naturalean egia esan. Pentsatzen dut horrelako ardura bat hartzen denean garrantzitsuena herriaren alde lan egiteko ilusioa edukitzea dela, eta ilusioa badut. Hortaz gain, azken lau urteetan ikasitakoarekin eta hartutako eskarmentuak herria eta herritarren alde era eraginkorragoan lan egiteko aukera emango dit.  

 

Nolako taldea osatu du EH Bilduk, hauteskunde hauetarako?

Nahiko talde orekatua eta osagarria dela esango nuke. Taldekideen ibilbide pertsonala eta profesionala dela eta, herria ongi ezagutzen duen taldea osatu dugula uste dut. Gainera taldekide berriak duten gaitasunarekin eta herriaren alde lan egiteko duten ilusioarekin berme osoko taldea osatu dugu. 

 

Zer nolako balorazioa egiten duzue aurreko legegintzaldian egindako lanari buruz?

Egindako lana herritarrek baloratu beharko dute. Dena dela edozein balorazio egiterakoan, inork ezagutu gabeko mundu mailako pandemia bat herri mailan kudeatzea egokitu zaigula ere kontuan izan behar dugu horrek eragin duenarekin. 

Nere ustez, era honetako ardurak hartzen direnean helburu nagusia herritarren bizia hobetzea izan behar du. Gu horretan saiatu gara, eta seguru batzuetan asmatu izanen dugula eta beste batzuetan ez. Edozein kasutan, gurea bezalako herrietan lehentasuna izan behar du ditugun zerbitzuak mantentzea eta ahal den neurrian hobetzea, eta hau esango nuke lortu dugula.

Lan horri segida ematea da asmoa, datozen lau urteotan?

Bai noski, egindako lanari segida eman behar diogu, batez ere egitasmo batzuk bukatu ez ditugulako, eta jarraipena egitea eskatzen dutelako. Hortik aurrera, herritarren parte hartzea indartu nahi dugu eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditugu, bai tekniko eta bai pertsonalak. Parte hartzeaz askotan hitz egiten dugu, baina hau behar bezala eta jarraipen batekin gauzatzeko baliabideak behar dira. Herritarren parte hartzea sustatzea izango da Goizuetak egin dezakeen inbertsiorik onena. 

 

Zeintzuk izango dira EH Bilduren programaren ildo nagusiak?

Esan dudan bezala herritarren parte hartzea sustatzea, eta biztanleriaren jaitsiera gelditzeko neurriak hartzea, alor honetan sartzen ditugu etxebizitza, zerbitzuak, garraio publikoa, errepidea hobetzea, Goizuetan bertan lan egiteko aukerak sortzea…

Edateko uraren azpiegitura osoaren hobekuntzak egin behar ditugu. Iturburuetan eta deposituetan hobekuntzak behar dira, hoditeria berritzea ezinbestekoa da, konponketak egin eta zaharkituak dauden hoditeriak berritzen ere joango gara. 

Adineko pertsonen egoera era aintzat hartu behar dugu. Goizuetaren herenak gutxi gorabehera 65 urte baino gehiago ditu eta hauek dituzten beharrak ere gertutik ezagutu behar ditugu erabaki egokiak hartzeko eta hauen bizi kalitatea hobetzeko.

 

Zeintzuk dira, zuen ustez, Goizuetak egun dauzkan behar eta erronka nagusiak? Zein gaiek izango dute 
lehentasuna?

Erronka nagusienak biztanleriaren jaitsiera gelditzea, eta herritarrak erabakietan partaide izatea dira.

Aipatutako gaiez gain, mendiaren egoerak ere kezkatzen gaitu. Hau bideratzeko prozesu parte-hartzaile arrakastatsu bat burutu genuen eta bertan onartu ziren araudi berriko puntu garrantzitsuenak. Hurrengo hilabeteetan mendiko ordenazioaren 2. errebisioa ere esku artean izango dugu. Araudi berriaren baitan sortuko dira mendietako batzordeak, eta hauen egin beharren artean auzolana arautzea eta mendietan egin beharreko inbertsioak proposatzea izango da. Araudi berria indarrean sartzen denean, mendiaren eta baserritarren egoera hobetuko dela konbentzituta gaude.

 

Diru-sarrerak eta baliabide mugatuak izan ohi dira traba, baina dirulaguntzak lortu dituzue inbertsio batzuk gauzatzeko. Bide hori urratzen jarraituko duzue? Zein inbertsio beharko lituzke herriak?

Garbi dago Goizuetan inbertsioak egiteko gaitasuna mugatua dela, eta beraz, ezinbestekoa da diru laguntzak bilatzea. Batzuetan lortzen ditugu, eta beste batzuetan ez. Bide honetan jarraitu behar dugu, noski.

Lortutakoak hor daude eta garrantzitsuak dira, adibidez, azken urteetan egindako mendietako landaketa gehienak 100%an diruz lagunduta egitea lortu dugu, eskolako eraikinean inguratzaile termikoa egiteko diru laguntza ere lortu dugu Europako funtsetatik, baina Iriartenea eraikinean ingurumen termikoa eta berotze sistema jarri eta igogailua jartzeko aurkeztu genuen diru laguntza ez digute eman, beraz, lanean jarraitu beharko dugu beste aukeraren bat suertatu arte. 

Bestetik hainbat deialdien ebazpenaren zain ere bagaude, hauetan garrantzitsuenak, Nafarroako Gobernuak azpiegituretako bideratzen dituenak. Bi inbertsio egiteko aurkeztu dugu; Lubineko frontoia birgaitzeko eta baserrietako bideetan dauden zuloak estaltzeko. Hauen erantzunaren baitan burutu ahal izango ditugu edo ez. 

Herriak beharko lituzken inbertsioen inguruan, esandakoez gain, besteak beste, Santa Maria auzoan ur hoditeria eta zorua berritzeko premia dago, etxeetan ur neurgailuak jartzeko ere inbertsioa egin beharko litzateke, eskolako frontoia birgaitu, mendietako bideak egokitu eta garbitu…

 

Jaitsiera demografikoa izan ohi da kezketako bat, mendialdeko herri txikietan. Zein da Goizuetaren egungo egoera? Horri begira, zer egin da eta zer gehiago egin daiteke? 

Egoera da azken 20 urtetan gutxi gorabehera %20ko jaitsiera izan dugula, nahiz eta azken 10 urtetan jaitsiera moteldu den, egoera kezkagarria da. Egoera honi aurre egiteko tresnarik eraginkorrena etxebizitza arloan eragitea da, gazteek bertan bizitzeko aukera izan dezaten. Ditugun indarguneak mantendu eta indartu behar ditugu. Esaterako lasaitasuna, natura, euskara edo oinarrizko zerbitzuak badaude. Horrekin batera ahulguneak bideratzeko neurriak hartuko ditugu; hala nola, errepidea, garraio publikoa edota etxebizitza eskaintza.


Etxebizitzaren gaia lantzeko eta herritarren beharrak ezagutzeko, egin dituzue batzarrak, galdetegiak... Zein izan behar dira hurrengo urratsak, bide horretan? Zein proposamen dauzkazue buruan, behar horiei aurre 
egiteko? Zertan da 16 etxebizitza berri eraikitzeko asmoa?

Bai legealdi honetan bi galdetegi eta batzar batzuk ere egin ditugu honen inguruan eta garbi dago etxebizitzaren gaiak interes haundia sortzen duela herrian. Gure lehentasuna izan da udal eraikinak birgaitzea eta herritarren eskura jartzea eraikin hauek bete daitezen. Hurrengo legealdian eraikin hauek denak beteta egotea da helburua. Bestetik, indarrean dagoen Udal Plan Orokorra aztertu behar dugu etxebizitza berriak eraikitzeko aukera egingarriak non egin daitezen ikusteko. 

Aipatzen duzun egitasmoa, partikular batek sustatutako aldaketa bat da. Indarrean dagoen Udal Plan Orokorrean egin nahi den aldaketa bat, hain zuzen. Partaidetza prozesua helegiterik gabe bukatu ondoren, tramitazioak bere bidea darrai. 

 

 

Herrian bizi eta lan egiteko aukera izatea da erronketako bat. Mendialdeko aktibazio sozioekonomikorako plana osatu da horrela. Zertan lagunduko du? Horrez gain, zer gehiago egin daiteke 
goizuetarrak bertan errotu ahal izateko?

Mendialdeko aktibazio sozioekomikorako plana onartu berri dugu eta 5 sektore estrategiko identifikatu dira bertan: industria, elikadura osasuntsua, energia berdearen industria, merkataritza-ostalaritza eta turismo jasangarria. Hauetako bakoitzak, bere helburu estrategikoak ditu eta ondoren ekintza zehatzak. Ezinbestean, eskualde modura landutako plan bat da, baina seguru nago Goizuetan ere eragin positiboa sumatuko dugula. 

 

Nola ikusten duzue herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren egoera? Horretara bideratutako laguntza planik edo antzekorik badaukazue buruan?

Aktibazio sozioekonomikorako planean sektore estrategikotzat jo dugu. Honek erakusten du nahiz eta eskualdean egoerak herri batetik bestera oso desberdinak izan, gaiak garrantzi haundia duela gurean. Tresna honek sektore honi laguntzak bideratzeko baliogarria izan behar luke. Edozein kasutan sektore honi eman diezaiokegun laguntzarik onena, bertako tabernetan eta dendetan kontsumitzea da. 

 

Zerbitzu publiko batzuk lortu dira Goizuetan, azkeneko urteotan; baina beste batzuk ez daude herrian bertan, oraindik ere. Zeintzuk dira urgenteenak? Nola bideratu daitezke?

Oinarrizko zerbitzu publikoak baditugula esango nuke, osasungintzan bertako kontsultan lan egiten duten profesionalei esker zerbitzu ona eskaintzen da. Larrialdiak bertako suhiltzaile boluntarioen taldeak kudeatzen duen anbulantziari esker osatzen dira. Lanpostu publikoak izanik, askotan plazak hutsik egoten dira, eta behin behinekotasuna gailentzen da kasu batzuetan, eta honek langile hauen lan baldintzak eta ondorioz zerbitzuaren kalitatea baldintzatzen ditu. Honek beti erne egotera behartzen gaitu.

Hezkuntza arloan 0-3 zerbitzua herriko gurasoek sortutako Goittiki elkarteak eskaintzen du, eta datorren ikasturtetik aurrera espazio berri eta egoki bat izango dute bere zerbitzua eskaintzeko. 

Egunero erabiltzen dugun errepidearen egoera hobetzera eta garraio publikoa indartzea dira lehentasunak. 

 

Euskerak osasuntsu jarraitzen du Goizuetan, eta Soziolinguistika Klusterraren arabera, erabilera oso altua da gaztetxoen artean. Pozik zaudete euskeraren egoerarekin? Lanketarik behar du Udaletik?

Goizueta herri euskalduna da, eta UEMAren arnasguneetako bat. Hau pozik egoteko arrazoi bat bada, baina ezin dugu erlaxatu. Inguruan euskara ez diren beste hizkuntzak ere sumatzen dira eta komenigarria da egoera aztertu eta neurriak hartzea herri euskalduna izaten jarraitzeko.

SAILEZ SAIL, MOTZEAN

Hirigintza

Udal eraikinetan alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak egin, eta UPOa aztertu aukera berriak bilatzeko.

 Partehartzea

Lan taldeak osatu adin segmentuka edo gai konkretuen inguruan eta behar diren baliabideak bideratu herritar sare indartsu bat sortzeko. 

Ingurumena

Mendiaren egoera hobetu eta Urumea errekaren inguruan udaran sortzen diren arazoei aurre egiteko neurriak hartu bailarako beste herriekin elkarlanean. 

Gizartea

Adineko pertsonen beharrak aztertuko dituen lan talde anitza sortu, eta gazteen beharrak ezagutzeko ere ekimenak martxan jarri. 

Garapena eta turismoa

Aktibazio sozioekonomikoaren plana garatu, eta turismo ikuspegitik Plazaola Patzuergoearekin batera, herria nabarmenduko duen proiektu bat aurrera eraman. 

Kultura

Kultur Agendarekin jarraitu. Festak antolatzeko sortutako lan taldea egonkortu urteko gainerako kultur ekintzak antolatzeko.

EH BILDU

GOIZUETAKO ZERRENDA

 1. Unai Miranda Berroeta
2. Maialen Uitzi Uitzi
3. Uzuri Perurena Perurena
4. Igor Elizegi Erbiti
5. María Mercedes Uitzi Anton
6. Eider Zugarramurdi Osa
7. Olatz Zubiri Goizueta

 Ordezkoak:
1. Julen Arocena Almandoz
2. Mayi Zelarain Aranguren
3. Patxi Bakero Escudero

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!