Agin Laburu astigartarra Mingañe Saltsan bertso sariko finalera sailkatu zen pasa den ostiralean Goizuetako Umore Ona elkartean. Hirugarren eta azken finalaurrekoan aritu ziren Arrate Illaro, Agin Laburu, Ekhiñe Zapiain, Diego Riaño, Maialen Akizu eta Eneko Araiztegi Korta. Labururekin batera Eneko Araiztegik lortu zuen finalera sailkatzea.
Giro beroa izan zuten eta saio ederra izan zen antolatzaileen hitzetan. Bertso sorta ederrak entzun ziren eta Laburu eta Korta gailendu ziren.
Azken kanporaketaren ondoren, dagoeneko zehaztu da zein sei bertsolarik kantatuko duten maiatzaren 19an Leitzako Torrean jokatuko duten finalean: Etxahun Lekue, Aratz Igartzabal Potto, Millan Telleria, Onintza Enbeita, Eneko Araiztegi Korta eta Agin Laburu.
Finalerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude. Sarrerak lortzeko 617 26 93 22 zenbakira idatzi edo deitu daiteke.