'Ertzak leuntzen' dokumentala eskainiko da, etzi Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 10a, 00:00

Ganbaran izanen da 18:30etan hasita eta Manex Moreno Uharte Leitzako gazteak egin du Leitzako LHL Erronka lantaldearen eskariz.

Ertzak leuntzen dokumentala eskainiko da etzi ostiralean, 18:30etan hasita, Goizuetako udaletxeko Ganbaran. LHL Erronka lantaldearen eskariz egin zen dokumentala, sarrera dohainik izanen da eta Manex Moreno Uharte Leitzako 25 urteko gazteak egin du.

LHLko kideek azaldu dutenez, «esanahi bikoitza» du izenburuak. Batetik, «lurreko oztopoak leuntzeari egin nahi dio erreferentzia», eta zehazki, «plazara iristeko bidearekin lotura zuzena du. Gurpil-aulkian ibiltzen den jendeak galtzada-harria leunduz plazara iristeko aukera izatea zen gure hasierako lorpenetako bat». 

Bestetik, «gutxiengoen ikuspegia» bildu nahi izan dute: «'ertza' hitza asko erabiltzen da periferiari erreferentzia egiteko, erdigunean ez dagoenari edo gutxiengoak bizi duenari erreferentzia egiteko. Guk erdigunean eta ertzetan dauden pertsonen arteko mugak leundu nahi ditugu eta denok toki berean bizi garela adierazi». 

Herrian dauden mugikortasunerako zailtasunak erakusteaz gain, inklusibitatea bere osotasunean landu nahi izan dute. Hori izan da dokumentalaren helburua.

45 bat minutuko lana da eta proiektua nondik sortu zen azaltzeaz gain, badu beste helburu bat: «zer ikasi dugun adierazi eta mezu jakin bat zabaldu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!