Hodei Lujanbio goizuetarrak irabazi zuen Zarautzen aurreko astean gizonezkoetan, eta nagusitasunez gainera, 18. Pagoeta mendi lasterketa. Minutu pasatxoko aldea atera zion 21 kilometrotan bigarrena izan zen Raul Amatriain Uitziko korrikalariari. 1:40:27 izan zen Lujanbioren denbora eta 1:41:36 Amatrianena. Hirugarren, berriz, Xabat Manzisidor azpeitiarra helmugaratu zen, bi minutura.
Pagoeta mendi lasterketan parte hartu zuten 482 korrikalarik, 532 zeuden izena emanda, ikuskizun ederra eskaini zuten, eta, eguraldia lagun, jende ugari bertaratu zen lasterketa ikustera. Hori bai, korrikalari bakar batek ere ez zuen gainsaririk irabaztea lortu aurreko urteetako markak hobetzeagatik (01:32:37).
Ibilbide nagusiak, 21 kilometroko ibilbide zirkularra ditu, bi zatitan banatzen dena (Pagoeta gurutzeraino igoera eta ondorengo jaitsiera Pagoeta Parke Naturala zeharkatuz) eta 1.600 metroko desnibel positiboa duena. Lasterketa nagusiko partaideak 09:30ean abiatu ziren Kikara taberna paretik, eta ordu laurden geroago 8 kilometroak korrika bikotean egin zituztenak.
Hodei Lujanbiok sare sozialetan esan zuenez. «Lokatz eta laino artean lortutako garaipen zoragarria izan da. Borrokatua, sufritua eta bukaerara arte estutua». Talai Mendin lortu zuen azken garaipena duela aste batzuk. Urtea hasi zenetik ez da geratu garaipenekin edo ohorezko postuekin han eta hemen. Maiatzean bailarako mendi lasterketetan ariko da; Ereñotzukoan eta Goizutrailen.