2018ko otsailean etorri ziren Brasildik Goizuetara, Eduardo Teixeira eta Kaliny Fonseca, alaba batekin. Kasualitatea kasualitateari kateatuta iritsi ziren herrira, printzipioz denbora gutxirako; baina bertan bizitzeko primerako baldintzak topatu zituzten Goizuetan: «herria izugarri gustau zitzaigun, lana azkar topatu genuen, eta berehala hartu genuen Zubiondo taberna. Ordutik, gaur arte».
Bartzelonan hasi zen dena. Hango txiringito batean egiten zuen lan Eduardok, hondartzan; eta bertan ezagutu zuen Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko presidentea zena: «Bere jatetxe batean lan egitea proposatu zidan, Donostian; eta etorri egin nintzen». 2005ean iritsi, eta zortzi urtez egon ziren bertan, 2014an Brasilera bueltatu ziren arte, beraien aurreneko alabak lau urte zituela. Garbi zeukaten, dena den, Euskal Herrira etorriko zirela bueltan.
Hala jakinarazi zieten hemen utzitako lagunei, eta haietako batek ireki zizkien Goizuetako ateak: «Esan zigun berak bazeukala trailer bat Iskibi kanpinean, eta nahi bagenuen, bertan geratu gintezkeela bizitzen, etxea aurkitu bitartean. Pozik onartu genion eskaintza, eta asmoa zen Donostian edo inguruan bizitzen jartzea berriro; baina Goizueta ezagutu genuen, eta ez daukagu mugitzeko asmorik».
«Bizi kalitate hobe baten bila» etorri ziren Euskal Herrira, eta «lasaitasuna» ere topatu dute Goizuetan: «Hemen lasaiago bizi gara. Lanean aritu gaitezke tabernan, eta 14 urteko alaba egon daiteke plazan jolasean. Badakigu ez dela ezer gertatuko. Ez dago lapurretarik eta horrelakorik. Hego Amerikan, berriz, biolentzia asko dago. Osasungintzan ere sekulakoa da aldaketa. Hemen zaindu egiten gaituzte, atseginak dira. Hori ez daukagu gure jaioterrian. Medikuak artatu zaituenerako, beharbada hil egin zara...».
«Duintasunez» bizitzeko aukera, finean, hemen haundiagoa dela nabarmendu du Eduardok: «Hemen, lan egiten baduzu, duintasunez bizi zaitezke. Baina han, lan eginda ere, beharbada ez duzu izango duintasunez bizitzeko adina».
«Gero eta gehiago» dira kanpotik etorritakoak Goizuetan: «Aurretik etorri ginenok, bidea urratu diegu gertukoei. Pixkanaka etortzen ari dira haiek ere». Beraien kasuan, dagoeneko etorri dira Kalinyren ama, ahizpa bat eta familia, iloba bat... «10 bat brasildar izango gara orain», diote. «Gure alaba gazteena goizuetarra da, 2021eko abenduan jaio baitzen».
Hego Amerikako eta Ertamerikako «jende asko» etorri da herrira, azkeneko urteotan: «Guk Hondurasko neska bat hartu genuen tabernan lan egiteko, eta bere familia ere etorri da Goizuetara bizitzera. Kolonbiatik etorri da familia bat orain gutxi; ukrainarrak ere bizpahiru familia daude orain, gatazkatik ihesi etorri zirenak; eta herrian bizi den nikaraguar bat, oporretara joan zen jaioterrira eta semearekin bueltatu da».
«Hernanin eta inguruetan, oso zaila da etxea aurkitzen, eta oso garesti dago alokairua, gainera», nabarmendu dute. Horren aurrean, Goizuetan topatu dute bizileku aproposa, eta baita lana ere: «Amerikatik etorritako emakumeen artean, adinekoen zaintzan ari dira hainbat, baina beste batzuk ostalaritzan ari dira, Motzanen edota Oxeguardan. Gizonak, berriz, nekazaritzan edota abeltzaintzan ere ari dira, Maingenean besteak beste».