Garagardo festa antolatu dute Goizuetako Umore Onan, hirugarren urtez, apirilaren 22rako

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 5a, 00:00

Umore Onan antolatuko dute afaria eta bildutako dirua Goittiki haur txokoa laguntzeko izanen da. Izena eman daiteke apirilaren 18ra arte.

Umore Ona elkartean, apirilaren 22an, Goittiki haurtzaindegiaren aldeko hirugarren Garagardo festa antolatuko da. Bildutako diru guztia haurtzaindegira bideratuko da. Umore Ona Elkartearen babesarekin 100 pertsonentzako dago lekua eta afaria izanen da 21:30etan. 

Elkartean bertan izanen da eta menua ondorengoa dute: entsalada, zerri sahieskia, saltsitsak, patata purea, postrea, kafea, kopa eta garagardo festako produktu izarra, bost garagardo mota. Menuak 25 euro balio du bost garagardoak prezioan sartzen dira. Edaririk gabe, menuak 15 euro balio du. Sagardoa edo ardoa nahi duenak elkartean eskatu eta ordaindu beharko du. 

Garagardo festan parte hartzeko txartelak salgai daude Amaia kafetegian eta Motzane tabernan, apirilaren 18ra arte. 

 

Ainhoa Zabaletaren musikak alaituko du

Garagardo festa Ainhoa Zabaleta musikariak alaituko du bere doinuekin. Bertan, bost garagardo dastatu daitezke. Euskal Herritik hiru garagardo izanen dira: Ago, Tripel eta Ixo Horia. Alemaniako Krombacher eta Belgikako Leffe dira beste bi garagardo motak. 

Garagardo zalea den herritar talde batek antolatzen du festa, eta Umore Ona elkarteak babestuta, gogotsu ekin zioten antolakuntzari, duela aste batzuk. Garagardo festa bi urtetan antolatu da eta arrakasta itzela izan du. Bigarren urtean 20 pertsona gehiagorentzako lekua egin zuten eta giro aparta sortu izan da Umore Ona elkartean. Goizuetar guztiak daude gonbidatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!