Amaierara iristen ari da Promozio mailako Binakako Txapelketa, eta garaipena lortzeko premian iritsi da bukaerara Iker Salaberria goizuetarrak eta Oier Etxebarria igorreztarrak osatutako bikotea. Txapelketako lehenengo fasean sekulako maila erakutsi zuten biek, baina finalaurrekoetako ligaxkako lehenengo jardunaldian ezin izan zuten punturik lortu, Zabala eta Gaskueren aurka 22-14 galduta; beraz, aurreneko garaipenaren bila joanen dira gaur Zeanurira, azken jardunaldira bizirik iristeko.
Bakaikoak eta Morgaetxebarriak osatutako bikotearen aurka jokatuko dute gaurko partidua. Baiko enpresako bikoteak Play Offen bitartez lortu zuen finalaurrekoetarako txartela, eta lehenengo jardunaldian 22-19 galdu zuten Larrazabalen eta Eskirozen kontra. Partidu estua espero da Zeanurin; izan ere, gaur galtzen duen bikoteari asko gutxituko zaizkio finalera sailkatzeko aukerak.
Gaueko 22:15etan hasiko da festibala, eta Promozio mailako beste bi bikoteen arteko partidua jokatuko da lehenengo. Zabala eta Gaskue Larrazabalen eta Eskirozen kontra arituko dira. Bi bikoteek lortu zuten garaipena lehenengo jardunaldian, eta gaur irabazten duenak finalerako txartela lortuko du matematikoki, bi garaipen eskuratuta.
Eibarko festibala irekiko du Hodei Expositok
Txapelketatik kanpo geratuta ere, partidu onak jokatzen jarraitzeko aukera izango du Hodei Exposito astigartarrak. Igande honetan Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko den festibaleko lehenengo partiduan arituko da, punta-puntako pelotariekin; Peio Etxeberria eta Eskuzaren aurka jokatuko du Expositok, Beñat Rezusta atzelariarekin batera.