Umore Onak Espainiako Txapelketaren finala jokatuko du gaur, bigarren mailan, atzo finalerdia irabazi eta gero. Finalera sartzeko ezinbesteko garaipena lortu zuten atzo goizean, Soriako Urbión B taldearen aurka, Agoitzeko Toki Eder frontoian.
Talde goizuetarrak 2-0 lortu zuen garaipena. Iker Egigurenek buruz buru ikuskizuna eskaini zuen eta 10-3 eta 10-8 irabazi zuen. Ez ziren gutxiago izan Beñat eta Antton Apezetxea. 10-7 eta 10-6 eskuratu zuten garaipena binakakoan. Urbioneko taldearekin Ekain Lizeaga aritu zen jokatzen, Jose Luis Molinarekin batera. Bi taldeak berdinduta amaitu zuten ligaxka, baina atzo goizuetarrak hobeak izan ziren eta gaurko finalera sailkatzea lortu zuten.
YouTuben ikusi daiteke @FEPELOTA1940 kanalean
Finala gaur jokatuko dute Agoitzeko Toki Ederren 11:00etatik aurrera. Aurkaria Izarra izango da, beste finalerdian Logroño kanporatu ondoren. Iker Egigurenek, Egurenen aurka jokatuko du eta ondoren Apezetxeatarren txanda izango da Riol eta Iriarteren aurka.
Partidu guztiak zuzenean emango dituzte, fepelota.es webgunean eta YouTuben @FEPELOTA1940 kanalean. Datorren denboraldian Lehenengo mailan jokatzeko aukera haundiak ditu Umore Onak, baina gaurko finala ez da erraza izango.
Ekhi Osesek, gaur finalerdia Lizarran
Bestetik, Lizarrako lau t'erdikoaren semifinala jokatuko du Ekhi Oses hernaniarrak, gaur 16:30etan, Aurrerako Baleztenaren kontra. Irabaziz gero, bi final jokatuko ditu datorren asteburuan. Izan ere, Zizurko lau t'erdikoaren finala jokatzeko sailkatu zen aurreko astean.