Gaur bertan iritsiko da Leitzara Nafarroa Mendialdeko Torturaren Zikloa. Leitzaldeko herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte, torturak Nafarroan izan duen eragina azaltzeko eta gertatutakoaren berri emateko: «Ezinbestekoa da torturak Nafarroan izan duen eragina zabaltzea eta gertatutakoaren berri ematea. 1978tik 2015era bitarte arrazoi politikoengatik Estatuko segurtasun indarrek eragindako tratu txar eta torturak ikertzea ezinbestekoa da».
Gaur hasiko dira ekitaldiak, Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpenarekin. Arratsaldeko 19:00etan izanen da, Leitzako Herri Aretoan.
Bihar, aldiz, Ander Iriartek sortutako Karpeta Urdinak filma ikusteko aukera izanen da, Herri Aretoan bertan, arratsaldeko 19:00etan. Dokumentala ikusi ondoren Iriarte bera eta Nafarroako Torturatuen Sareko kide bat izanen dira aretoan, eta solasaldi bat eginen dute. Larunbatean bertaratu ezin duten herritarrentzat bigarren aukera bat izanen da igandean, dokumentala ikusi ahal izateko.
Karpeta Urdinaken proiekziora joateko sarrerak https://www.leitza.eus/eu/leitzako-herri-aretoa/ webgunean eskuratu daitezke. Online erosita bost euro balio du sarrerak, eta leihatilan sei euro.
Karpeta Urdinak (Sinopsia)
Anderrek aitak komisaria hartan benetan jasan zuena tortura izan zela susmatzen du.
Bere susmoak argitzeko, 1960- 2014 bitartean EAEn izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko Eusko Jaurlaritzak egindako proiektua ezagutuko du. Ikerketa honetan argitaratutako emaitzek izututa, proiektuan
parte hartu zuten pertsonekin elkartuko da berriro, eta ipar globaleko torturaren errealitatea erakusten diote.