Igandean abiatuko da 'prozesio txuri-gorria' Goizuetan, Karnabalak hastearekin batera

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 15a, 00:00

Astelehenean eta asteartean ibiliko dira Mozorroak, baserriz baserri eta etxez etxe. Argazkiak: Felix Loiarte

Ohi bezala, lau egunez ospatuko dituzte Inauteriak herrian. Kaldereroak izanen dira aurtengo gaia, astelehenean mozorrotzeko.

Iristear dira egutegian gorriz markatutako lau egunak, Goizuetan. Gorriz, paper txuriaren gainean, Mozorroak bezalaxe. Igandean hasiko dira Inauteriak herrian, eta horrekin batera, baita prozesio txuri-gorria ere.

Gaztetxoak izanen dira herriari kolore bereizgarriak ematen aurrenekoak, igande arratsaldean Zahagi Dantza eskainita. Eta elkarrekin afalduta bilduko dituzte indarrak Mozorroek, hurrengo bi egunetarako: baserriz baserri ibiliko dira astelehenean, eta herriko etxeetan barrena asteartean.

Gaztetxoen Zahagi Dantzarekin hasiko dira Inauteriak, igande arratsaldean.
 

Bitartean, Inauterietan ohikoak diren beste mozorro batzuekin beteko da herria astelehenean. Izan ere, Kaldereroak dira aurtengo gaia, eta eguerdi partean eginen dute kalejira, herrian zehar. Ohi bezala, astearte arratsaldean izanen da Zahagi Dantza, Motzanetik hasita. Ohikoak izanen dira bazkari-afariak, noski; eta musikarik ere ez da faltako, Garazi eta Gorkaren eskutik zein Malkogarriyak taldearekin.

Kontuen Egunarekin jarriko diete errematea hurrengo larunbatean, otsailaren 25ean. Hutsik egin gabe, Igandea txarangak girotuko ditu poteoa eta arratsaldea, eta azkeneko bazkaria eginen dute Mozorroek.

GOIZUETAKO INAUTERIEN EGITARAUA

OTSAILAK 19, igandea

17:00, Gaztetxoen Zahagi Dantza

18:30-21:00, Musika: Garazi eta Gorka, ikastolan

21:30, Mozorroen afaria

OTSAILAK 20, astelehena

08:00, Mozorroen abiera baserrietara

10:00, Plaza apainketa. Gaia: Kaldereroak

11:30, Kalejira herrian zehar

13:30, Bazkaria

16:30, Haur eta gaztetxoentzat entretenimendua

18:00, Txokolatada

18:30, Musika: Garazi eta Gorka, ikastolan

Ilunabarrean, Mozorren etorrera, dultzaineroekin

22:00, Mozorroen afaria

OTSAILAK 21, asteartea

09:00, Mozorroen gosaria

10:00, Mozorroen irteera, herriko etxeetara

14:30, Mozorroen bazkaria

17:30, Zahagi Dantza, Motzanetik hasita

18:30, Malkogarriyak musika taldea, ikastolan

22:00, Mozorroen afaria

OTSAILAK 25, Kontuen Eguna

13:00, Poteoa, Igandea txarangarekin

14:30, Mozorroen bazkaria

17:30, Igandea txaranga, herrian zehar

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!