Etxebizitzen beharra ezagutzeko galdetegia prestatu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 10a, 00:00

Galdetegia etxe guztietara iritsi da eta otsailaren 13a baino lehen entregatu beharko da Udaletxean.

Goizuetako Udalak, Nasuvinsarekin lankidetzan, galdetegi bat prestatu du goizuetarrek dituzten etxebizitza beharrak ezagutzeko. Aste honetan etxe guztietara iritsi den galdetegi hau otsailaren 13a baino lehen utzi beharko da Udaleko buzoiean. 

Nasuvinsak sozietate publikoak hutsik dauden etxebizitzen alokairurako eta erosketarako poltsa kudeatzen du, eta garrantzitsua ikusten du Goizuetako beharrak ezagutzea, Babes Ofizialeko Etxebizitza eskaintza diseinatzen laguntzeko eta alokairuaren eta erosketaren premia gero eta haundiagoari erantzuteko. 

Etxe bakoitzera galdetegi bat (bi kopia) iritsi da eta test moduko sei galdera erantzun beharko dira (erantzunetatik bat aukeratu): sexua, adin tartea, alokairuan zenbat gelako etxebizitza nahiko zenukeen, erosteko zenbat gelako etxebizitza nahiko zenukeen, urtean zenbateko errenta daukazun, etxebizitza zertarako nahiko zenukeen.

Galdetegiarekin batera, alokairu sozialerako edo Babes Ofizialeko Etxebizitzetarako indarrean dauden prezio publikoak (euro/m2) daude erantsita, interesatuek jakin dezaten ze preziotan alokatu edo saltzen diren gaur egun babestutako etxebizitzak. 

Horrekin batera, dirulaguntzen taula bat ere erantsi da, errentaren eta unitate familiarraren arabera, lortu daitezkeen dirulaguntzak ezagutzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!