Datorren astelehenean elkartuko da festa batzorde «berria eta anitza»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

30 bat lagun elkartu ziren hausnarketa bileran, eta bertan bildutako ideiekin, festak antolatzen hasiko dira otsailaren 6an, 18:00etan ganbaran.

Aurreko astean, urtarrilaren 23an, egin zuten festei buruzko hausnarketa bilera irekia, Goizuetako Udalak antolatuta. Eta partehartze polita izan zuen saioak, 30 lagun inguru elkartu baitziren bertan. Festen inguruko zenbait galdera mahai gainean jarri, eta taldeka elkartuta eman zuen bere iritzia bakoitzak, baita proposamenak egin ere. Ideia ugari bildu zituzten, eta festa batzorde berri eta anitza osatu zuten.

Hortik abiatuta, abuztuko festei forma ematen hasiko di­ra, eta dagoeneko jarri dute aurreneko hitzordua: datorren astelehenean, otsailaren 6an, eginen dute bilera, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko ganbaran. Lagundu nahi duten herritar guztiak daude gonbidatuta, festa batzordean parte hartzera.

Festa batzorde egonkor bat sortzeko beharra, azalera

Gai ugari landu zituzten aurreko bileran. Horien artean eztabaidatu zuten, esaterako, festek beti abuztuaren 14tik 18ra izan behar ote duten, edo asteburuaren arabera festa egunak aldatzeko aukerarik izan beharko litzatekeen. Era berean, komentatu zuten zein diren ekitaldi kuttunenak. Azaleratu zuten, baita ere, festa batzorde egonkor bat sortzeko beharra, eta mahai gainean jarri zituzten herritarrak bertan parte hartzera animatzeko izan daitezkeen formula desberdinak.

Goizuetako Udalak nabarmendu du, «gustu, iritzi eta interes desberdinetako jendea» hurbildu zela bilerara, eta horren ondorioz, «anitzak» izan zirela bildutako ideiak. Horiek jasota, datorren astelehenean bilduko den festa batzordeak izanen du «nondik abiatua, festa eder eta partehartzaile batzuk antolatzen hasteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!