Odola emateko hitzordua datorren astean, astigartarrek eta hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 3a, 00:00

EreƱotzuko odol emaile bat, joan den astelehenean Auzo Udaleko aretoan.

Astelehenean egingo dituzte estrakzioak Erriberan, eta asteartean Hernaniko anbulatorioan.

Datorren astean izango dute odola emateko hitzordua, astigartarrek eta hernaniarrek. Astelehenean egingo dituzte estrakzioak Astigarragan: Erribera kulturgunean, arratsaldeko 16:30etatik 20:10etara. Astigarragako Odol Emaileek antolatu dute deialdia, Udalarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearekin koordinatuta.

Odola eman nahi dutenek, hori bai, aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua: 943 00 78 85 telefonora deitu behar dute, astelehenean bertan, goizeko 08:30etatik 14:30etara.

Herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia: «Hilabete hauetan beharrezkoa da odol erreserbak haunditzea. Odola ezin da fabrikatu, eta horregatik, ahalegin txiki bat egiteko eta hitzordura joateko eskatzen dizuegu. Odola emanez, bizitzeko aukera bat ematen diezu beste pertsona batzuei. Minutu gutxi batzuetan, beste pertsona batzuen bizitza salba dezakegu. Anima zaitezte bizia ematera!», adierazi dute.

2023ko aurreneko odol emate saioa izango da astigartarrentzat, urtean hiru hitzordu izaten baitituzte. Aurrekoa, joan den urteko urrian egin zuten.

 

Hernanin, datorren asteartean

Urteko bigarrena izango da, aldiz, Hernaniko Odol Emaileen kasuan. Hileko aurreneko aste­artero bezala, datorren astearte­an egingo dute, otsailaren 7an. Hernaniko anbulatorioan izango da, horretarako prestatu dieten gune berrian, arratsaldeko 17:00etatik 20:40etara.

Hernaniko kasuan ere, aldez aurretik eskatu beharko da hitzordua, astearte goizean deituta, 943 00 78 84 telefonora. 

Urtarrilaren 3an egin zituzten 2023ko aurreneko estrakzioak; eta egun hartan, 51 lagun izan ziren odola ematera gerturatu zirenak.

 

13 odol emaile, joan den astelehenean Ereñotzun

Izan da odola emateko beste hitzordurik ere, egunotan, Urumea bailaran bertan. Izan ere, joan den astelehenean izan zuten odola emateko aukera Ereñotzun. Arratsaldean egin zituzten estrakzioak, Auzo Udaleko aretoan; eta 13 auzotar gerturatu ziren odola ematera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!