Etxebizitzak hizpide izanen dira gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00

Goizeko 11:00etan emanen zaio hasiera etxebizitzari buruzko herri batzarrari, Goizuetako ganbaran.

Azkenaldian herritarren artean asko aipatzen den gaia etxebizitza izan da. Hori horrela, Goizuetako Udalak lehentasuna eman dio gaiari: «despopulazioari aurre egiteko ezinbestekoa da herrian dagoen eskaerari erantzuna ematea». Horregatik, batzar bat antolatu dute gaur goizerako; 11:00etan izanen da, ganbaran.

Batzar honetan, hurrengo hilabeteetan martxan jarriko diren egitasmo edo proiektu desberdinen berri emanen dute, besteak beste. Era berean, promotore pribatu batek herrian etxebizitzak eraikitzeko martxan jarri nahi duen proiektua ezagutzera emanen da, gaurko batzarrean. 

Herritarren beharrak zeintzuk diren jakiteko, bilerara bertaratuko direnei galdetegi bat pasako zaiela eman du aditzera Udalak: «ondorengo asteetan ere izanen dute aukera galdetegia betetzeko». Galdetegia emateaz gain, herriaren etorkizunerako garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko gunea izanen da; eta hortaz, Udalak herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu die.

 

Ospitala eraberritzeko aukera 

Goizuetako Udalak dio ospitaleko proiektua aurrera ateratzeko lanean diharduela: «Nasuvinsaren laguntzarekin, Navarra social housing planaren bidez, eraikina eraberritu eta etxebizitzak alokairuan jartzeko aukera dago. Baina aurretik, beharrezkoa da Nasuvinsak duen datu basea eguneratzea, eta Goizuetan oso jende gutxi dago alta emanda». Beraz, batzarrean bertan datu base honetan alta emateko aukera eta laguntza eskainiko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!