'Parti gaua' antzerkiaz gozatzeko parada izanen dute goizuetarrek, gaur arratsaldean, ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 27a, 00:00

Nafarroako Gobernuak sustatutako antzerki proposamena da, erabaki publikoetan gazteen partehartzea bultzatzeko sortua, besteak beste.

LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, gaur arratsaldean, 'Parti gaua' antzezlana oholtza gainean ikusteko tartea izango dute Goizuetako herritarrek. Helduentzako hitzordua da eta 30 bat minutuko iraupena izanen du. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da antzezlana, Goizuetako udaletxeko ganbaran. 

Parti Gauaren helburua da gazteek gai publikoetan parte har dezaten sustatzea, antzerki-formatua erabiliz. Horren bidez, testuinguru informal eta lasaian gazteen artean hausnartzeko eta trukatzeko gune bat sortu nahi dute. Nafarroako Gobernuak sustatutako antzerki proposamena da, erabaki publikoetan gazteen partehartzea bultzatzeko sortua, eta gai horretatik abiatuta zenbait buruhauste sortuko zaizkie protagonistei: «Gazte talde batek bere udalaren proposamen bat jaso du: udalerriko erabilera anitzeko zentroaren instalazioak eta jarduera-programa nolakoak izango diren zehaztea. Gauza bakarra egin behar dute: ados jarri».

Antzerkiko gidoia, Luis Tarrafetak idatzitakoa da, Oscar Orzaizen zuzendaritzapean. Eta antzerkiak, gazte talde baten ohikotasuna zalantzan jartzen duen proposamen bat planteatzen du, 30 minutuko tartean, honakoa galdetuz: «Saiatzen gara ala hobe da pasatzea? Zerbaitetarako balioko al du ahaleginak? Adarra jotzen ari zaizkigu?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!