Aspaldiko partez ari da Umore Ona pilota elkartea, eskuzko Espainiako Kluben Txapelketa lehiatzen. Goizuetarrak bigarren mailan ari dira, eta aurreko asteburuan hasi zuten ligaxka, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa), Calceatense taldearen kontra. Baita ondo hasi ere, garaipen erosoa lortu baitzuten: buruz buru, 1-10 eta 0-10 nagusitu zen Iker Egiguren, Diazen kontra; eta binaka, Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak 1-10 eta 1-10 menderatu zituzten Roberto Capellan eta Ruben Capellan.
Azpeitiarra da Egiguren, Julen Egiguren profesionalaren anaia; eta utzita jokatuko du txapelketa Umore Onarekin, taldea osatzeko pilotari bat falta zutela eta.
Etzi jokatuko du bigarren jardunaldia Umore Onak, larunbatarekin; eta estreinakoz ariko da etxean: arratsaldeko 18:00etan jokatuko du, Goizuetako frontoian, Barañaingo Lagunak taldearen kontra. Buruz burukoan, Egigurenek De La Torre izanen du aurkari; eta binaka, Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak jokatuko dute, Amianoren eta Taintaren kontra. Lagunak taldeak ere eroso menderatu zuen Calceatense, aurreneko jardunaldian, urtarrilaren 15ean (Umore Onak atseden hartu zuen).
Guztira, 12 talde ari dira bigarren mailako txapelketan, hiru taldeko lau multzotan banatuta: C multzoan dago Umore Ona. Ligaxkan, denak denen kontra ariko dira, bi itzulitara, otsailaren 26ra arte. Multzo bakoitzeko talde onenak eginen du aurrera, eta azken fasea jokatuko du, martxoaren 4an eta 5ean: semifinalak eta finala.
Alize Sagarduik eta Araitz Legarretak partidua, aurretik
Larunbatean bertan, Espainiako Txapelketako jardunaldiaren aurretik, beste bi partidu ere izanen dira 17:00etan hasita, Nafar Jokoetakoak, buruz burukoak. Aurrena, Alize Sagardui goizuetarrak jokatuko du kimuetan, Ultzamako Alsuaren kontra. Eta ondoren, Araitz Legarreta aranoarra ariko da kadete mailan, Huarteko Gomesen kontra.