Etxebizitzari buruzko herri batzarra eginen dute larunbat honetan, udaletxeko ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 25a, 00:00
Etxebizitzaren gaia «asko» aipatzen da goizuetarren artean, azkenaldian.

Goizeko 11:00etan izanen da, eta bertan emanen du Udalak datozen hilabeteetan martxan jarriko diren egitasmoen berri.

Etxebizitzaren gaia ardatz hartuta, herri batzarra antolatu du Goizuetako Udalak, larunbat honetarako. Izan ere, «herritarren artean asko aipatzen den gaia da azkenaldian», Udalak adierazi duenez; eta horri «lehentasuna» eman nahi izan dio, «despopulazioari aurre egiteko ezinbestekoa baita herrian dagoen eskariari erantzuna ematea».

Hori horrela, larunbat goizerako jarri dute hitzordua, 11:00etan udaletxeko ganbaran. Bertan emanen ditu aditzera Udalak, hurrengo hilabeteetan herrian martxan jarriko diren egitasmo eta proiektuak.

Proiektu horietako bat da Ospitalea eraberritzekoa. Hori aurrera ateratzeko lanean ari da Udala, eta Nasuvinsaren laguntzarekin, aukera dago eraikina eraberritu eta etxebizitzak alokairuan jartzeko, Navarra social housing planaren bitartez. Horretarako, ordea, beharrezkoa da aurretik Nasuvinsak daukan datu basea eguneratzea, goizuetarrek dituzten beharrak ezagutu ahal izateko. Zentzu horretan, Udalak nabarmendu du Goizuetako «oso jende gutxi» dagoela Nasuvinsako datu basean alta emanda. Horregatik, alta emateko aukera eta laguntza eskainiko dute larunbateko batzarrean bertan.

Bestetik, etxebizitza berriak egiteko proiektua ere jarriko dute mahai gainean. Izan ere, promotore pribatu batek martxan jarri nahi du herrian etxebizitzak eraikitzeko proiektua, eta horren nondik norakoak azalduko dituzte larunbatean.

Gainera, galdetegi bat ere pasako diete batzarrera bertaratzen direnei, herritarren beharrak zein diren jakiteko. Galdetegi hori betetzeko aukera izanen da hurrengo asteetan zehar ere.

Edonola ere, herritar guztiei luzatu diete batzarrera bertaratzeko gonbitea eta deia: «Herriaren etorkizunerako garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpen eta proposamenak jasotzeko gunea izanen da batzar hau».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!