Goizuetako Fiesten inguruan hausnartzeko bilera eginen dute datorren astelehenean, ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Umore Ona Peñaren Eguna, iazko Amabirjin Jaietan. Argazkia: Felix Loiarte

Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua, eta herritar guztiei luzatu diete deia, bertaratu eta hainbat galderaren inguruan hausnartzeko.

Abuztuan izanen dira, hutsik egin gabe, Goizuetako Amabirjin Jaiak. Baina horiei begira jarriko dira dagoeneko, eta deialdia egin dute etzirako, astelehenarekin: Fiesten inguruan hausnartzeko bilera antolatu dute, arratsaldeko 18:00etan hasita, Goizuetako udaletxeko ganbaran.

Prestaketa lanak garaiz hastearen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek: «Urruti daudela ematen badu ere, abuztuan herrian festak ospatzeko, urte hasieran antolaketa lanak hastea ezinbestekoa izaten da». Bide horretan antolatu dute etziko bilera irekia: «Aurten lanketa berezi bat egin nahi dugu, festen inguruan hausnartu eta, erabakiak hartu aurretik, gure buruari galdera desberdinak planteatzeko», azaldu dute.

Galdera horietako batzuk, dagoeneko eman dituzte aditzera, eta datorren asteleheneko bileran jarriko dituzte mahai gainean: «Zenbat egun iraun behar lukete festek? Beti egun berdinetan ospatu behar al dira? Zein aurrekontu dute festek? Zenbat kostatzen da ekitaldi bakoitza? Zer ekitaldi mota nahi ditugu? Ekitaldi guztiak beharrezkoak al dira? Zein kendu edo gehitu behar lirateke? Zeinek antolatzen ditu festak? Nork antolatu behar ditu? Zer egin dezakegu antolaketa errazteko?».

Galdera horiek, eta beste hainbat, planteatuko dituzte ganbarako bileran, eta herritar guztiei luzatu diete deia, bertaratu eta parte hartzeko: «Galdera horien erantzunak, iritziak, proposamenak eta kexak botatzeko, zu ere bertan egotea nahi dugu», luzatu diete gonbitea.

Aurten, asteartea da Amabirjin eguna, abuztuaren 15a. Joan den urtean, abuztuaren 13an hasi ziren, larunbatarekin; eta sei egun iraun zuten, abuztuaren 18ra arte, osteguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!