Antzerkiaz gozatzeko aukera izango da, urtarrilaren 27an, Goizuetan. 'Parti gaua' helduei zuzendutako antzezlana izango da ikusgai, udaletxeko ganbaran, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Nafarroako Gobernuak sustatutako antzerki proposamena da, erabaki publikoetan gazteen partehartzea bultzatzeko sortua, eta gai horretatik abiatuta zenbait buruhauste sortuko zaizkie protagonistei: «Gazte talde batek bere udalaren proposamen bat jaso du: udalerriko erabilera anitzeko zentroaren instalazioak eta jarduera-programa nolakoak izango diren zehaztea. Gauza bakarra egin behar dute: ados jarri».
Luis Tarrafetak idatzitako gidoia oholtzaratuko dute, Oscar Orzaizen zuzendaritzapean. Funtsean, gazte talde baten ohikotasuna zalantzan jartzen duen proposamen bat planteatzen du antzezlanak, 30 minutuko tartean: «Saiatzen gara ala hobe da pasatzea? Zerbaitetarako balioko al du ahaleginak? Adarra jotzen ari zaizkigu?».