Betizu behiak geolokalizatuta edukitzeko proiektua jarriko dute martxan Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 2a, 00:00

Betizu behiei GPSa duten lepokoak jarriko dizkiete.

Nafarroako Gobernuak 180.000 euroko partida aurreikusi du horretarako 2023ko aurrekontuan, EH Bilduk egindako emendakin bati esker.

GPSa duten lepokoak izanen dituzte, datorren urtetik aurrera, Goizuetako betizu behiek. Eta horrela, betizuak geolokalizatuta edukiko dituzte abeltzainek, uneoro. Hala jaso du Nafarroako Gobernuak, 2023rako aurrekontuan: 180.000 euroko partida bideratuko du, Goizuetako betizu behiei GPSak jartzera, EH Bilduk egindako emendakin bati esker.

Pozik hartu du albistea Goizuetako Udalak: «Jakina da Goizuetan azkenaldian arazoak izaten ari direla betizu behiekin. Abelburu hauen kopuru haundia eta Goizuetako lursailen orografia berezia dela eta, abeltzainentzat ez da erraza izaten behi guztiak kontrolpean izatea, eta maiz jaisten dira herrira eta errepide ingurura, tarteka sustoren bat eraginez». Zentzu horretan, azaldu du konponbidea ez dela erraza, baina «baliagarria» izan daitekeen «teknologia berri bat» probatzen aritu direla azkeneko hilabeteetan: «Emaitza onak ematen ari dela ikusita, Goizuetan martxan jartzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, INTIAri enkargatu berri dion proiektu baten bidez».

Udalak aditzera eman duenez, EH Bilduk Goizuetako betizu behien kontrola digitalizatzeko proiektua sartu zuen, Nafarroako Gobernuaren 2023ko aurrekontuei egindako emendakinen artean; eta abenduaren 22ko bilkuran eman zion onarpena proiektuari, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak.

 

'Joare digitalak', eguzki izpiekin kargatzen direnak

Proiektua onartuta, 180.000 euroko inbertsioa egingo du Nafarroako Gobernuak, Goizuetako betizuei GPSa duten lepokoak jartzeko: 300 euroko kostua dauka bakoitzak. Horien bitartez, abeltzainek uneoro jakinen dute non dauden beraien behiak. Plaka fotoboltaikoak dauzkate lepokoek, eta beraz, abeltzainek ez dute horiek kargatzen aritu beharko, eguzki energiarekin kargatuko baitira. Gainera, hesi birtualak ezartzeko aukera ere ematen du teknologia horrek, betizuak eremu jakin batetik atera ez daitezen edo herrira hurbil ez daitezen, adibidez.

Digitalizazio proiektu aitzindaria da Goizuetan martxan ja­rriko dutena, eta «laguntza haundia» izango da abeltzaintza estentsiboan aritzen diren abeltzainentzat, Goizuetako Uda­lak nabarmendu duenez: «Alde ba­tetik, abereak kontrolatze­ko ba­liagarria izango delako; eta bes­tetik, oraindik proiektu espe­ri­mentala izan arren, ondo funtzionatuz gero, Nafarroako beste herrietara zabaltzeko aukera emanen duelako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!