Sekulako giroa egonen da gaur feriarekin, eskolako frontoian

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 00:00

Mota guztietako postuak izanen dira gaurko azokan.

Feria batzordeak baserritarrez janzteko deia luzatu die herritarrei. 

Postuz beteko da gaurkoan Goizueta. Izan ere, XVIII. azienda, artisau eta nekazal feriak izango du protagonismoa goizuetarren artean. Goizeko 10:00etatik aurrera egonen dira postuak Goizuetako eskolako frontoian, eta aziendak ere ordu berean jarriko dira. Guztira 70 bat postuk osatuko dute gaurko feria, eta horien artean 20 goizuetarrak izanen dira. 

Goizean zehar, joaldunak eta trikitilariak ibiliko dira frontoiaren inguruan, Feri Eguna girotuz. Eta eguerdiko 12:00etan, toka txapelketari emanen zaio hasiera, Goizuetako eskolan. Txapelketa amaituta, eguerdiko 14:30etan, bazkari eder baten bueltan bilduko dira denak. Gainera, aurreikusi dute 400-450 pertsona inguru elkartuko direla bazkarian, eta ondoko menu ederraz gozatuko dute: lehenengo platera bertako babarrunak; bigarrena, betizu gisatua eta azkenik, postrea. 

Feria Batzordeak, baserritarrez jantzita joateko gonbitea luzatu diete herritarrei: «zatoz baserritarrez jantzita eta animatu Feri Egunera, ederki pasako dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!