Azienda, artisau eta nekazaritza postuekin, giro ederra etzi Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 24a, 00:00
Bi herritar zintzarriei begira, aurreko urteko Feri Egunean. Argazkia: Felix Loiarte

Feri Eguna ospatuko dute, eta baserritarrez jantzita joateko deia egin du Feria Batzordeak. Ohiko bazkaria ere izanen da eguerdian.

Heltzear da goizuetarrentzat hain berezia den eguna: Feri Eguna. Etzi ospatuko da 18garren edizioa, eta goizetik eguerdira arte jarriko diren postuez gain, entretenitzeko makina bat ekintza ere antolatu ditu Feria Batzordeak. Goizeko 10:00etatik aurrera egonen dira aziendak eta postuak herriko hainbat txokotan. Eta goizean zehar, joaldunak eta trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, goizuetarrak dantzan jarriz. Eguerdiko 12:00etan, berriz, toka txapelketa jokatuko dute, Goizuetako eskolan. Giro ederra izanen da herrian, eta baserritarrez janzteko gonbitea luzatu die Feria Batzordeak denei. 

Ondoren, 14:30etan, ohiko bazkariaren bueltan bilduko dira herritarrak, eta menu ederra jateko aukera izanen dute aurten ere: bertako babarrunak, betizu gixatua eta postrea. Bazkarirako txartelak, atzo arte erosi zitezkeen Amaia Kafetegian eta Estankoan, Feria Batzordeak jakinarazi zuenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!