Festa haundia izanen da datorren larunbatean Goizuetan, azienda, artisau eta nekazal feriarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 21a, 00:00
Makina bat postu jarriko dituzte, Feri Egunean. Argazkia: Felix Loiarte

18garrenez ospatuko dute Feri Eguna, makina bat posturekin; eta bazkariak ere ez du hutsik eginen: Amaian eta Estankoan daude txartelak.

Iristear da urteko egun berezienetako bat, goizuetarrentzat: datorren larunbatean ospatuko dute Feri Eguna. 18garren edizioa izanen du azienda, artisau eta nekazal feriak, eta 10:00etatik aurrera egonen dira aziendak eta postuak, herriko kale eta plazetan. Girorik ez da faltako, joaldunak eta trikitilariak ere ibiliko baitira herria alaitzen, goizean zehar. Eta hori guztia borobiltzeko, baserritarrez jantzita joateko deia egin du Feria Batzordeak.

Eguerdian, gainera, toka txapelketa jokatuko dute eskolan. Eta bazkalorduan, ez du hutsik eginen Feri Eguneko bazkari klasikoak. 14:30etan izanen da, eta menu ederra prestatu dute: bertako babarrunak, betizu gisatua eta postrea.

Bazkarirako txartelak asteazkenera arte salgai, Amaian eta Estankoan

Bazkarirako txartelak, asteazkenera arte egonen dira salgai, Amaia kafetegian eta Estankoan. Helduenak 22 euro dira, ikasle eta langabetuenak 18 euro, eta 9-16 urte bitarteko gaztetxoenak 11 euro. 8 urtetik beherakoentzat, berriz, doakoa izanen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!