Asteburu potoloa izanen dute goizuetarrek, jarduera mordoa antolatu baitira, biharko eta etzirako. Joan den urteen gisara, aurten ere, Goizueta «etorkinen alaitasunarekin betetzeko asmotan» Etorkinen Eguna antolatu dute, biharko. Sekulako festa giroa izanen dute, eta hori gutxi balitz, Oxeguarda jatetxean elkartuko dira izena eman duten guziak, bazkari baten bueltan, elkarren artean harremantzeko: «neska, mutil, gazte, zahar... Goizuetako etorkinak dira jator eta bikainak». Beraz, herritar guziei bertaratzeko gonbitea luzatu diete, antolatzaileek: «etorkinak ttirriki-ttarraka! Biño ez binaka!».
Bihar eta etzi, berriz, Jubilatuen eguna ospatuko dute Goizuetan erroldatutako jubilatuek. Biharko, mus eta truk txapelketak antolatu dituzte, arratsaldeko 16:00etan, Umore Ona Elkartean. Eta etzirako, goizerako meza antolatu dute Goizuetako elizan, eta jarraian pilota partiduez gozatzeko aukera izanen dute herriko helduek. Behin partiduak amaituta, bazkari baten bueltan bilduko dira, Umore Ona elkartean.
Azaroak 25ean, Alarma Morea
Datorren astebururako ere ekintzak antolatu dituzte goizuetarrek. Azaroaren 25ean, Indarkeria matxistaren aurkako egunaren harira, Alarma Morea kontzertua eskainiko du Errunba Flamenko feminista taldeak. Adin guzietarako aproposa den kontzertua izanen da eta arratsaldeko 19:00etan emanen zaio hasiera, Gaztetxean. Datorren igandean, berriz, Feri Egunak hartuko du nagusitasuna goizuetarren artean eta makina bat postu izanen dira.