Txapeldun berria du Goizuetak: Iker Salaberria. Azken urte luzeetan Aimar Olaizola izan da Goizuetako pelotari eta kirolari maitatuena, baina, badirudi lekukoa hartu diola Iker Salaberria goizuetarrak. Atzo jokatu zuen aurrelari gazteak Lau t'erdiko Promozioko Txapelketa, Labriten, eta 16-22 garaitu zion Salaberriak Julen Egiguren pilotariari. Txapelarekin batera, datorren urtean lehenengo mailako Lau t'erdiko Txapelketan aritzeko txartela eskuratu du goizuetarrak.
Salaberria «pozik» agertu da: «txapelketa luzea eta gogorra izan da. Baina helburua txapelarengandik gertu ibiltzea zen, eta azkenean jantzi egin dut, beraz, oso pozik nago». Horrez gain, partiduan zehar izandako sentsazioen inguruan ere solastu du goizuetarrak: «oso sentsazio onekin sartu nintzen partidura. Akats batzuk egin nituen, baina tira partidu guztian bizi ibili nintzen».
Erritmo asko izan zuen finalak, eta pilotarien artean ezberdintasunak nabaritu baziren ere, pilotari finak zirela erakutsi zuten finalistek, Labriten.
Salaberriak herriko berotasuna izan zuen lagun. Izan ere, goizuetar mordoa zegoen ikusleen artean eta hasieratik bukaerara bitartean, isildu gabe egon ziren Salaberriari animoak ematen.