Bada Goizuetan herria oraindik eta gehiago saretzen laguntzen duen erreminta bat: WhatsApp aplikazioko Goizueta Info taldea. Duela bi urte baino gehiago sortu zuten, eta, jakitera eman dutenez, 500 erabiltzaile inguruk parte hartzen dute dinamika horretan. Alegia, ia egunero jasotzen dituzte herriarekin zerikusia duten mezuak.
Baina, azkenaldian, mezu mordoa jasotzen ari direla adierazi dute taldeko arduradunek. Horren ondorioz, tarteka, oharrak pilatzen dira, eta zerbitzuaren eraginkortasuna mugatzen dute.
Hori horrela izanik, «erabilpena arintze aldera», kontuan izan beharreko hainbat aholku luzatu dituzte:
1) Goizueta Info da Udaleko eta herri mailako intereseko informazioa herritarren artean modu azkarrean zabaltzeko tresna. Interes partikularreko oharrik ez da zabalduko.
2) Goizueta Infoko mezuak jaso nahi dituenak, mezu bat (ALTA, adibidez) bidali beharko du zenbaki honetara: 687 832 386.
3) Goizueta Infoko mezuak jasotzeko 687 832 386 zenbakia mugikorreko agendan gordeta eduki behar da. Ezabatu bazaizu, gorde berriz, bestela ez baitira mezuak iristen.
4) Goizueta Infok informazioa bidaltzen du. Ez da zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko zenbakia. Kontsultak egiteko, Udaleko zenbakia erabili: 948 51 40 06.
5) Goizueta Info ez da galdu eta aurkituentzako zerbitzua. Zerbait galdu edo aurkitu baduzu, Estados atalean jarriko da, ez da mezu bidez zabalduko.
6) Herriko eragile, norbanako edo talde baten izenean mezu bat zabaldu nahi baduzu: prestatu testua (irudiak jpeg formatuan) eta adierazi noren izenean zabaldu nahi duzun mezua; Goizueta Info zenbakira bidali; aldez aurretik bidali mezua eta esan noiz zabaltzea nahi duzun (ez da bermatzen momentuan bertan bidaltzea).