Iker Salaberria goizuetarrak lortu zuen finalerako txartel preziatua, Urumea bailarako esku pelotarien arteko leihan: 22-16 irabazi zion Hodei Exposito astigartarrari, ostiral iluntzean Amorebietan, Promozioko Lau t'erdiko Txapelketaren semifinalean.
Partidu ikusgarria eskaini zuten. Expositok lortu zuen aurreneko tantoa, baina sei tanto segidan lortu zituen Salaberriak, eta markagailuan aurreneko tartea zabaldu (6-1 eta 8-2). Eman zion buelta momentu txarrari astigartarrak, eta baita berdindu ere, beste sei tanto eginda segidan (8-8).
Lehia bizi-bizia izan zen hortik aurrera. Expositok bere eskuin indartsua baliatu zuen min egiteko, eta Salaberriak lan haundia egin zuen defentsan, tantoak bukatzen gehiago kosta zitzaion arren. Astigartarra finago ibili zen errematean, gantxoz, dejadaz zein bi paretaz tanto ederrak lortuta; baina akatsak ere dezente egin zituen.
Horixe izan zen klabeetako bat, eta horrela lortu zuen berriro ihes egitea Salaberriak: 11na berdinduta egotetik, 18-11ra pasa ziren. Ez zuen amore eman Expositok, eta berriro sartu zen partiduan (19-16), baina goizuetarrak ondo jarri zion errematea partiduari.
Azaroaren 12an, Labriten
Horrela, bere bigarren finala jokatuko du Salaberriak Promozio mailan, aurtengo maiatzean Buruz Buruko Txapelketakoan izan ondoren. Oraingoan, Julen Egiguren azpeitiarra izango du kontrario, eta hitzordua azaroaren 12an, 17:15etan Iruñeko Labriten. Ligaxkan aritu ziren elkarren kontra, eta goizuetarra nagusitu zen (22-20), 8-18ko markagailuari buelta eman ondoren. Erreferentziak kamuts geratzen dira finaletan, ordea, eta oso partidu irekia espero da, edonork irabazi dezakeena. Horretan saiatuko da Salaberria, profesionaletan bere aurreneko txapela janzteko.