Etorkinen Egunaren laugarren topaketa, azaroaren 19an

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

25 lagunek hartu zuten parte, duela hiru urte, Etorkinen Eguneko ospakizunean. Argazkia: Elena Gartzia

Bazkaria izanen da Oxeguardan. Izena emateko azken eguna azaroaren 13a da, Amaia Kafetegian eta estankoan.

Azken urteetako ohiturari jarraiki, Etorkinen Egunaren laugarren topaketa izanen da azaroaren 19an, Goizuetan. 2018an ospatu zuten egitasmoa lehenengoz, eta arrakasta izan du urtero-urtero. 

Horri helduta, aurtengorako hitzordua zehaztu dute dagoeneko. Aipatu moduan, datorren hilabetean izanen da topaketa. Oxeguardan bazkalduko dute guztiek elkarrekin, etorkinek zein goizuetarrek. «Neska, mutil, gazte, zahar... Goizuetako etorkinak jatorrak eta bikainak», aipatu dute antolatzaileek. 

Urteroko leloari heldu diote deialdian: «Etorkinak ttirriki-ttarraka, biño ez banaka». Bertaratzeko, izena eman behar da Amaia kafetegian edo estankoan, eta azaroaren 13a da azkeneko eguna. «Animatu zaitezke, ederki pasako-degu eta!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!