Zer ikusten dute Goizuetako haurrek eta gaztetxoek? Galdera horri erantzuna emateko asmotan, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abian jarri zuen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko inkesta. Eta kezkagarriak dira datuak Mankomunitatearen ustetan, atzerapausoak sumatzen ari baitira euskeraren erabileran.
Goizuetako herritarrei luzatutako inkestan, parte hartu zuten Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek.
Dagoeneko itxi da inkesta erantzuteko epea, eta argitaratu dituzte datuak. Abiapuntu gisa, galdera nagusia izan da ea inkestatuek zer ikusten duten, eta, horretarako, hainbat atal bereizi dituzte.
Batetik, telebistan kontsumitzen duten edukiari begira, emaitzek diote honako hauexek direla gehien ikusten dituzten 10 kanalak, hurrenkeran jarrita: ETB1, Dmax, FDF, Antena 3, Telecinco, ETB2, TokikoTB, Clan, Neox eta Cuatro.
Bestetik, plataformen bueltan galdetu zaienean, honako hauxe erantzun dute inkestatuek: Netflix, Disney+, Movistar+, Nahieran, Amazon, HBO, Mitele eta RakutenTV.
Hizkuntzari erreparatuta, marrazkiak eta telesailak gaztelaniaz kontsumitzen dituzte gehienbat. Datuek diotenez, edukiak euskeraz kontsumitzen ditu inkestatuen %25ak eta gaztelaniaz, berriz, %74,5ak. Gainerako %0,5ak aipatu du ez duela mota horretako edukirik ikusten.
Horrekin jarraituta, emaitzek argitu dute YouTuben ere joera hori jarraitzen dutela gazteek. Alegia, bertan ere gaztelaniaz kontsumitzen dituztela ikus-entzunezkoak. Honako hauxe izan da jasotako erantzuna: gaztelaniaz, %78,5; euskeraz, %11; beste hizkuntza batean, %6; eta, azkenik, ez dute horrelakorik kontsumitzen, %4,5.
Sare sozialetan egoera «antzekoa» dela diote UEMAkoek, «eta zer esanik ez bideo-jokoetan». Horren aurrean, honako hauxe ondorioztatu dute: «Bai, euskerazko eskaintza txikia da; bai, gaztelaniazko edukiek ikusgarritasun haundiagoa dute; bai, inertziak gaztelerara eramaten gaitu pantailetan... Baina, pantailak euskalduntzea beharrezkoa da!». Izan ere, diote, «horrek guztiak haurren eta gazteen hizkuntza-ohituretan eta erabileran asko eragiten du». Horren haritik, euskerazko edukia biltzen duen zenbait webguneren berri eman diete herritarrei: www.zernonikusi.eus eta www.gozatusareaneuskaraz.eus.
EAEn, antzeko joera
UEAMAk galdetegi bera luzatu zuen EAEn, eta antzekoa izan da jasotako emaitza: udalerri euskaldunetan, gazteek gaztelaniazko edukiak kontsumitzen dituzte gehienbat ikus-entzunezkoetan. Horren haritik, Mankomunitateak helarazi du euskerazko ikus-entzunezko edukien eskaintzaren aldeko apustua «premiazkoa» dela, «hizkuntzaren erabileran atzerapausoak eman nahi ez badira». Go!azen telesaila jarri dute adibidetzat.
Egoerarekin kezkatu azalduta, UEMAk Zinuema egitasmoa jarri du martxan, «euskerazko ikus-entzunezkoen eskaintza sustatzeko». Euskerazko 12 ikus-entzunezkoren egitaraua da ekimenaren oinarria, eta eskaintza egonkor baterako esperientzia pilotua izango da. Hasteko, UEMAko lau udalerritan eskainiko da programazio hori: Igorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen. «Askotariko film eta dokumentalak proiektatuko dituzte lau herri horietan, eta, proba pilotua ondo joaten bada, eskaintza zabaltzea da asmoa», nabarmendu dute.
Egitasmo hori abian jarri dute Tinko Filmeak-ekin. Hain zuzen ere, helburu dute «euskerazko zinema komertzialaren eskaintza gabeziari erantzutea». Zinuemaren aurkezpenean Tinkoko Iñigo Arandiak azaldu zuenez, duela ia 30 urte hasi ziren lanketa hori egiten, eta ziurtatu zuen egungo egoera ez dela askoz hobea. Horrekin batera, Arandiak Pantailak Euskaraz herri mugimenduak emandako datuak ekarri zituen gogora: «Gaur egun, bertako ekoizleek sortzen dituzten euskerazko filmak 2-3 izan daitezke urterik hoberenean, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Zineuskadi erakundeak 10-12 film bikoizten ditu urtean, haurrei zuzendutakoak denak edo ia denak».
Ildo hori jarraituta, zinemaren egitasmoaren aurkezpenean, aurretik aipatutako inkestari erreferentzia eginda, bat egin zuten Arandiak eta UEMAko lehendakariak: «Azken ikerketek argi erakutsi dute euskerazko kultur kontsumoa erderazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erderazko edukiak ikusten dituztela batez ere nerabeek, eta ikusten ari gara horrek eragin nabaria duela hizkuntza-ohituretan».