'Mendian hil, hirian hil' dokumentala, ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 28a, 00:00

Gaur jarriko dute «oroitzapenari eta itxaropenari buruzko» ikusentzunezkoa, 18:30etan hasita.

Mendian hil, hirian hil dokumentala eskainiko dute gaur, arratsaldeko 18:30etan hasita, Goizuetako udaletxeko ganbaran. «Oroitzapenari eta itxaropenari buruzko dokumentala da, heriotzari buruzko solasaldia; mendia kalearekin konektatzen duena, eta kalea mendiarekin», aurreratu dute.

2020an, Euskarazko Film Onenaren saria jaso zuen, BBK Mendi Film festibalean. Iñaki Peña da dokumentalaren gidoigilea eta zuzendaria, eta honakoak dira, ikusentzunezkoan ageri diren protagonistak: Jorge Nagore, Felipe Uriarte, Juanjo San Sebastian, Andoni Ormazabal, Juxe Zuazua, Txema Crespo, Lide Crespo, Izaskun Andonegi, Arantxa Gurrutxaga, Pello Arrue, Suku Maya, Felix Zubia, Iñigo Suberbiola, Susana Llavina eta Elena Sagaseta.

«Doluari buruzko trilogia bat» borobiltzen du dokumentalak, azaldu dutenez: «emanen baligute aukeran non hil, hil nahiko genuke bizitza gehien maite dugun lekuan. 20 urte eta gutxirekin, edo 100 urteak ondo beteta. 7.000 metrora edo itsas mailan. Zergatik neurtu mendiak metrotan? Zergatik ez neurtu gugan eragindako bizipozagatik?».

Hortaz, bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finetik egiten du bidea Iñaki Peñaren dokumentalak, eta ikusleari oroitzapenaren eta itxaropenaren aldeko mezua helarazten dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!