Iberoko dorrean jarri dute hitzordua, gaur eguerdirako, Leitzako Jeiki abesbatzak eta Leitzako Udalak. Iberoren historia ezagutzeko bisita gidatua eginen dute, eta Jeiki abesbatzaren kontzertua ere izanen da bertan. Eguerdiko 12:00etan hasiko dute ekitaldia.
Leitzatik doazenentzat, autobusa jarri dute, joan-etorria egiteko; eta bidaia, bisita gidatua eta kontzertua 10 euro dira. Horretarako, Leitzako Maimur eta Astiz liburudendetan eman behar zen izena.
Baina Iberora bere kaxa doazenek ere izanen dute aukera, Goizuetaren eta Leitzaren artean kokatuta dagoen dorrearen historia ezagutzeko. Izan ere, doakoa da bisita gidatua.
1360 urtearen inguruan eraikitako dorrea da Ibero, defentsarako egindakoa. Garai hartan, Goizuetatik pasatzen zen komertzioa, Iruñeatik Pasaiara bidean adibidez. 2017an hasi zituzten dorrea eraberritzeko lanak, Jose Luis Franchezen eskutik; eta 2019ko hasieran bukatu zituzten. 2020ko Egurteko Sarietan, 'Tokiko zura' sari berezia jaso zuen Franchezek, Iberoko dorrea berreskuratzeko egindako lanagatik.