Hirigintza Plana aldatzeko prozesu parte-hartzailea jarriko dute martxan Goizuetan, 16 etxebizitza berri egin ahal izateko. Alsua-Escudero senideak erakundeak Hirigintza Planaren aldaketa sustatuko du. Erakunde hau SL-3 lursailaren azaleraren gehienaren jabe da eta horrek, planeamendua azkar garatzea ahalbidetuko du. UE-4 unitatearen mugak aldatu eta finkatu gabeko hiri lurzoru honen zati bat eta birkalifikatutako lur berriak batuta, lurzoru urbanizagarriko SL-3 unitatea osatu nahi da.
Helburua da izaera desberdineko 16 etxebizitza eraikitzea, herritarrei egindako inkestetatik ateratako beharrei eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari erantzunez: 8 etxebizitza libre, lorategidun bi familiako lau eraikinetan elkartuta, eta dentsitate baxuko blokean eraikitako babes ofizialeko 8 etxebizitza.
Urriaren 24an, arratsaldeko 18:30etan, Goizuetako Udalean egingo den batzar irekian partaidetza planaren nondik norakoak azalduko dituzte: helburuak, epeak, prozedurak, indarrean dagoen Udal Plangintza eta izan duen irismena esplikatuko da eta proposamen berrien deskribapena eta helburuak deskribatuko dira.
Interesatuta dauden herritar guztiak gonbidatuta daude batzar honetara. Bertan, proposamenaren inguruan egiten dituzten galderei erantzun teknikoa emango diete, modu errazean denek ulertu ahal izateko. Halaber, bileran egiten diren proposamen eta iradokizun guztiak jasoko dira.
Bilera egin ondoren, 20 egun balioduneko epea irekiko da, hau da, 2022ko urriaren 25etik azaroaren 22ra, aztertutako dokumentuaren gainean proposamenak eta iradokizunak aurkezteko.