Jubiloteka probatzeko aukera gaur, Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, jubilatu elkartean. Ostegunean Aranon eginen dute saioa, Maisuenean.

Jubiloteka martxan jarriko du berriro LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eskualdeko lau herrietan. Herri bakoitzean, astean behin eginen dituzte saioak, goizeko 10:00etatik 13:00etara: Leitzan astelehenetan, Goizuetan astearteetan, Areson asteazkenetan, eta Aranon ostegunetan. Goizuetako saioak jubilatu elkartean izanen dira, eta Aranokoak Maisuenean.

Jubilotekan parte hartzea 5 euro dira hilean, baina aste honetan, probatzeko saio bana eginen dute, herri bakoitzean. Hori horrela, gaur bertan eginen dute Goizuetan, goizeko 11:00etan jubilatu elkartean; eta ostegunean izanen da probatzeko saioa Aranon, 11:00etan Maisuenean. Leitzan atzo egin zuten probatzeko saioa, eta bihar izanen da Aresokoa.

 

Jubiloteka, «burua eta gorputza lantzeko errezeta»

Hortik aurrera, astero eginen dituzte Jubilotekako saioak, eta egitasmoan parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da, 948 51 08 40 telefonora.

65 urtetik gorakoentzako egitasmoa da Jubiloteka, «burua eta gorputza lantzeko errezeta, botikarik onena». Saio horietan, egiten dituzte memoria ariketak, luzaketak, oreka eta koordinazioa lantzen dute... Monitore batek gidatzen ditu saioak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!