100 urte bete ditu Mitxelko baserriko Florentina Loiarte Arotzenak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Florentina Loiarte, Maialen Apezetxea eta Unai Miranda udal ordezkariekin.

Joan den larunbatean bete zuen mendea, eta lore sorta oparitu zion Goizuetako Udalak.

Ez da nolanahikoa, Goizuetako Mitxelko baserrikoen bizitza-luzera. 100 urtez bizi izan zen Maria Arotzena, eta 98 urterekin hil zen Paulo Loiarte senarra. Eta orain, haien alabetako bat, Florentina Loiarte Arotzena, da mendeurrena ospatu duena.

Joan den larunbatean, urriaren 15ean, bete zituen 100 urte Florentinak, eta Goizuetako Udaleko bi ordezkariren bisita jaso zuen bezperan: lore sorta eman zioten opari Maialen Apezetxea Gizarte gaietako zinegotziak eta Unai Miranda alkateak. Igandean, berriz, Oxeguarda jatetxean ospatu zuen urtebetetzea Florentinak, ingurukoekin. Horrela, «urte mordoska batean» aurreneko aldiz jaitsi zen Mitxelko baserritik herrira, eta bazuen horretarako gogoa.

Mariak eta Paulok izan zituzten 12 seme-alabetako bat da Florentina, eta berak alaba bat, biloba bat eta bi birbiloba dauzka.

Florentinaren amak, Mariak, urte sasoi berdintsuan ospatu zuen mendeurrena, duela 30 urte: 1992ko urriaren 31n, hain justu. Urte hartan, ez zen bera izan 100 urte betetzera iritsi zen goizuetar bakarra. 1892an jaiotako beste bi herritarrek ere, Donfermineneko Jaxinta Eskuderok eta Muxurdinbordako Maria Apezetxeak, urtebetetze berezia izan zuten. Hirurei eman zien oroigarri bana, urte hartan ere, Goizuetako Udalak.

 

Urrezko ezteiak ospatu zituzten bi bikotek, asteazkenean

Urteurren bereziei dagokienean, ez zen bakarra izan Florentinarena, aurreko astean. Izan ere, urrezko ezteiak ospatu zituzten bi bikotek Goizuetan, asteazkenean: Lorentxo Apezetxeak eta Pilar Lujanbiok, eta Leitzan bizi diren Maria Pilar Apezetxeak eta Txomin Urrutiak. Bi bider berezia izan zen eguna apezetxeatarrenean, anai-arrebak baitira Lorentxo eta Maria Pilar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!