Salgai medikuaren etxe zaharra, enkante bidez

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

Gutxieneko diru kopurua 104.064,41 eurokoa  da, eta enkante publiko bidez eginen da salmenta. 

Urriaren 11n burututako ez ohiko batzarrean, aho batez onartu zen Goizuetako 4. zenbakiko poligonoko 148 lursaileko lehengo Medikuaren etxea eraikina enkante publiko bidez saltzeko prozedurari hasiera ematea, eta hura arautzen duten baldintza administratiboak onartzea.

Gutxieneko diru kopurua 104.064,41 eurokoa izanen da, legez bidezkoak diren zergak kanpo. «Prezioa gorantz hobetu ahal izango da eta ez da onartuko lizitazio-oinarri horren azpiko eskaintzarik», aipatu dute.  

Arauei dagokienez, erosleak beheko solairua gehi bi altuerako bi etxebizitza libre egin ahalko ditu gehienez, eta lanak eskriturak sinatzen direnetik gehienez ere bi urteko epean hasi beharko dira.

Eskaintzak egiteko tartea atzo hasi zen, eta azaroaren 4ra bitartean egin beharko dira, Goizuetako Udaleko Erregistroan (goizeko 09:00tatik eguerdiko 12:30ak arte).

Bestalde, interesa duten horientzat, enkantearen esleipen prozedura arautuko duten Plegu administratiboa Goizuetako Udaleko Idazkaritzan edota www.goizueta.eus webgunean eskura daiteke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!