Kanpai hotsak, maitea. Sevillako katedraleko kanpaiak. Quasimodo bere saltsan. Hegoak ebaki banizkio, ez zuen alde egingo. Horrela ez huen guregandik alde egingo, ez hintzen Loco de la Colina izango. Eta nik, guk, Loco de la Colina maite genuen. Udazkenaren hasiera, eta orain zer? Zertan aritu zara, Loco? Lurraren sakonean bilatu zaitut, ongia eta gaizkia elkartzen diren tokian, zoriontasuna eta zorigaitza, osasuna eta gaixotasuna, berekoikeria eta elkartasuna, maitasuna eta antimaitasuna. Han bilatu zintudan, baina ez zintudan aurkitu. Ez nuen aurkitu zororik, eta ezta arrastorik ere, jakiteko non aztarrikatu lurra, nire laguna aurkitu arte. Non zabiltza, laguna? Zer egingo dugu guk, gaueko onda magikoei esker elkar ezagutu genuenok? Aizu, nola zuen izena gaueko erreginak? Ez badut gaizki oroitzen, gure Mozart maiteak (beste zoro bat) deitu zion… Nola deitu zion? Bai, hori da, flauta magikoa. Nolako gauak haiek, hainbeste zororekin: Fernando Argenta, Kepa Junkera, Mikel Laboa bere Baga Biga Higarekin…
Kantu zerutiarra entzuten da. Kartzelak. Kartzelero, ez zara pertsona zintzoa. Laborda, beste zoro haundi bat; Aragoikoa behar zuen… Miraflores, edo antzeko zerbait. Nolako gauak, Loco maitea. Eta nola ez, bere izena ere oroitzen ez duen hura; ze putakeria, ikusten duzu, Alzheimerra agertzen hasi da. Munduaren zabalera eta altuera osoan ezaguna den herrikide haren izena ahaztea ere… Komunikatzaile bikainak, hura, zu, Araceli, Argenta... Kazetariak. Hitz egin dezagun, jarri dezagun Radio Nacional de Españako elkarrizketa, oroitzen? Erne! Lankide bikaina zuen hark, nolako ahotsa berea! Araceli Campos, beharbada?
Aizu, diote, edo hobeto esanda, mingain gaiztoak esaten ari dira: ‘Loco hil zen’. Zer? Baina zer demontre diozue? Hori faltsua da, oso bizirik zaudelako gugan, inoiz baino gehiago. Hori esatera ausartu da Baskonia sufritu honetako nafar hau. Espero dut ez zintudala nekatuko eta haserretuko nire hizketaldiarekin. Agur bat eta besarkadak zure herrikideei, eta agur bat eta muxu bat Elizondotik, zein atsegina bera, bai lagundu ninduela. Eskuminak Iparragirreri, Bilintx bardo trobadoreari, Aita Donostiari, Lazkao Txikiri, Kepa Junkerari… Iparraldeko Xalbadorrek esan zuen bezala, “egin didazue txistu, baina maite zaituztet oraindik”. Nolako talentua Xalbadorrena, aintzat hartu gabekoa. Zoro maitakorrak ere izan ziren, Zugarramurdiko gure sorgina eta lamia maiteak. Torquemada, Franco, Hitler, Mussolini, kroaziar-errusiarrak eta sunsuncorda. Nork kristautu zituen basati horiek? Garaipenera arte beti, Loco. Zerua irabaziko dugu, hori seguru. Kubatarraren hitza.
PD: Hau abesten genuen, Loco, oroitzen duzu? Gure haurrek biharko ikastoletan haien izenak eta izanak abestu ditzaten. Agur, lagun.