Datorren ostiralera arte dago epea Udalak antolatutako bederatzi ikastaroetan izena emateko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 18a, 00:00

948 51 40 06 telefono zenbakira deitu behar da eta gehienak astean bitan izanen dira.

Goizuetako Udalak bederatzi ikastaro jarri ditu aurtengo ikasturtean aukeran, pasa den urtean baino lau gehiago. Ikastaroak pilates, jumpfit, body pump, adinekoentzako jarduera fisikoa, yoga helduentzat, antzerki kontzientea, dantza mugimendu kontzientea, multikirolak haurrentzat eta eskulanak dira. Apuntatzeko azken eguna irailaren 23a ostirala da. Izena emateko, udaletxera bertaratu daiteke edo, bestela, telefonoz ere badago aukera: 948 51 40 06.

Urritik maiatza bitartean izanen dira ikastaroak, bakoitzak bere ordutegia eta egunak izanen ditu. Horrekin batera, ikastaro batzuk bi egunetan izanen dira eta antzerki kontzientea, dantza mugimendu kontzientea eta eskulanak ostiraletan bakarrik.

Pilateseko, boddy pumpeko, jumpfiteko eta haurrentzako multikiroleko ikastaroak asteartetan eta ostegunetan eginen dituzte, dantzen lokalean lehenengo hirurak eta eskolan multikirola. Pilates  (192 euro) 17:00etatik 18:00etara; jumpfit (236 euro) 18:00etatik 19:00etara; body pump (222 euro), berriz, 19:00etatik 20:00etara; eta multikirolak haurrentzat (140 euro) 16:00etatik 17:00etara.

Adinekoentzako jarduera fisikoa (126 euro), astelehenetan eta ostiraletan izanen da, goizeko 09:30etatik 10:30etara; yoga helduentzat (242 euro) astelehena eta asteazkenetan 10:30etatik 12:00etara asteko lehen egunean eta 19:00etatik 20:30etara asteazkenetan, denak dantzen lokalean.

Antzerki kontzientea (67 euro) bi astetik behin ostiraletan 18:00etatik 19:00etara izanen da; dantza mugimendu kontzientea ere bi astetik behin ostiraletan 18:00etatik 19:30etara izanen da dantza lokalean. Eta, azkenik, eskulanak (265 euro) ostiraletan landuko dituzte, Tifanitxon, 16:00etatik 19:00etara.

 
Yoga ikastaroak, Zubimuxun Reginarekin

Bestetik, Zubimuxun Reginarekin Kundalini Yoga ikastaroak ere izanen dira Goizuetan. Lehenengo saioa doan da eta adin guztientzako da. Astelehenetan (18:00-19:30), asteazkenetan (18:00-19:30 hartuta) eta ostiraletan (09:30-11:00) emanen dira ikastaroak.

Urritik aurrera izanen dira oraindik gazteleraz. Hilabete bat 45 euro dira eta ikasturte osoa, urtarrilean izan ezik 250 euro. Izena emateko 663 858 502 telefonora deitu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!