Ez du hutsik eginen San Agustin eguneko jaiak, Artikutzan. Bertan elkartuko dira ehunka lagun, goizuetarrak zein inguruko herrietakoak, urtero bezala festa giroan murgiltzeko.
Egun osorako egitaraua prestatu dute horretarako, goizeko 11:00etan hasita. Meza izanen da ordu horretan, eta segidan, esku pelota partiduek hartuko dute protagonismoa, frontoian. Bi partidu jokatuko dituzte. Emakumezkoena izanen da aurrenekoa, eta bi bikote ariko dira: Miriam Arrillaga aginagarra eta Enara Gaminde laukiztarra batetik, eta Miren Larrarte bidaniarra eta Leire Galeano antzuolarra bestetik. Bigarren partiduan, berriz, gizonezkoak ariko dira, eta Antton Apezetxea goizuetarrak jokatuko du, hiru oiartzuarrekin batera: Oihan Etxeberriarekin osatuko du bikotea, eta Oier Zabaleta eta Eneko Zalakain izanen dituzte kontrario.
Partiduak bukatuta, koadrilan edo familian elkartuko dira bisitariak, bazkaltzeko. Jatekorik eta edatekorik ez da faltako bertan, bi txosna jarriko baitituzte. Bertako produktuen zein artisau lanen postuak ere izanen dira.
Bapo bazkalduta, herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izanen da frontoian, 17:00etan hasita. Aizkoran, bi lehia izanen dira. Batetik, elkarren kontra ariko dira Karmele Gisasola eta Irati Ostolaza; eta bestetik, bi bikote izanen dira aurrez aurre: Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo, eta Julen Alberdi Txikia IV eta Ugaitz Mugertza. Gainera, herri kirol erakustaldia eskainiko du Jose Ramon Bustinza Tubik.
Eta herri kirolariek beraien lanak bukatuta, bertaratuen txanda izanen da, gorputza mugitzeko. Izan ere, dantzan jarriko ditu denak Muxutruk musika taldeak, 19:30etatik aurrera.
EGITARAUA
11:00, Meza.
11:30, Esku pelota partiduak: Miriam Arrillaga-Enara Gaminde/Miren Larrarte-Leire Galeano; eta Oier Zabaleta-Eneko Zalakain/Oihan Etxeberria-Antton Apezetxea.
17:00, Herri kirolak. Aizkoran, Karmele Gisasola, Irati Ostolazaren kontra; eta Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IVren eta Ugaitz Mugertzaren kontra. Jose Ramon Bustinza Tubik herri kirol erakustaldia eskainiko du.
19:30, Dantzaldia, Muxutruk taldearen eskutik.