Urtero bezala, bisitariei irekiko diete Artikutza etzi, San Agustin egunez. Dantzaldia, pilota partiduak eta herri kirolak izanen dira, eta lagunartean, familiartean edo nahieran gozatzeko aukera eskainiko diete bertaratzen direnei. Ohiturarekin jarraituz, jai-giroan murgilduko dira Artikutzako San Agustin eguneko jai tradizionala ospatzeko. Ekintzetara bertaratzeko ez ezik, otorduak egiteko tartea ere izanen da igandean. Hori horrela, bertaratzeko deialdia luzatu dute.
Prestatutako egitarauarekin, hantxe izango dira Urumea bailarako herritar asko. Izan ere, Goizuetako lurretan dago Artikutza, nahiz eta 1919az geroztik Donostiako Udalarena den, alde administratiboari dagokionez behintzat. Hori horrela, urtero-urtero, abuztuaren 28an Artikutzara bertaratzen da bailarako zein inguruko herrietako lagun mordoa.
Ekintzak izanen dira goizean eta arratsaldean
Betiko legez, eguna mezarekin hasiko da 11:00etan. Duela bi urte, koronabirusaren aurretik, meza eskaini zuten Iñaxio Azkoagak eta Jesus Sotil apaizek. Gero, bi pilota partidu jokatuko dituzte 11:30etan hasita, eta zenbait goizuetar izanen dira frontoian. Batetik, emakumezkoetan, M. Arrillaga eta E. Gaminde (Aginaga-Laukiz), M. Larrarteren eta L. Galeanoren aurka (Bidania-Antzuola) ariko dira. Bestetik, gizonezkoetan, O. Zabaletak eta E. Zalakainek (Oiartzun), O. Etxeberriaren eta A. Apezetxearen (Oiartzun-Goizueta) aurka jokatuko dute. Urtero, jendetza bertaratu ohi da norgehiagokak ikustera, eta adi-adi jarraitzen dituzte pelotarien jokaldiak. Horregatik, aurten ere betiko agertokia, pandemiaren aurrekoa, berreskuratzea espero da.
Arratsaldean, berriz, herri kirolen txanda izanen da. Aizkoran, Irati Ostolazak Karmele Gisasola izanen du kontrario eta, horrez gain, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo leitzarra Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Ugaitz Mugerzaren aurka ariko dira. Jose Ramon Bustinza Tubik herri kirol erakustaldia emanen du eta harri-jasotzailea ere lanean ariko da.
Ondoren, dantzarako tartea izanen da. Hain zuzen ere, 19:30etik aurrera Muxutruk taldeak hartuko du lekukoa, eta dantzaldia izanen da.
Gainera, urtero moduan, ez da jateko eta edateko faltarik izanen. Bi txosna jarriko dituzte, eta izanen dira taloak, gazta, eta beste hainbeste hamaiketakoa edota bazkaria egiteko. Horrekin batera, bertako produktuen salmenta ere izanen da, eta artisauek ere beraien lanak jarriko dituzte salgai hainbat postutan.
Artikutza, eremu babestua
Eremu babestua da Artikutza, eta oso kuttuna da Urumea bailaran, Goizuetako lurretan egonagatik. Oiartzungo, Lesakako, Arantzako, Zubietako, Labaiengo eta Goizuetako mendiek inguratzen dute 3.700 hektareatako ingurua. Paraje ederra osatzen du, barruan sei milioi zuhaitz inguruko basoa osatzen baitu. Are gehiago, gaur egun, eta ia 100 urtez ingurua babestu ondoren, Artikutzako azaleraren % 90 basoa da. Pagoa da espezie nagusia, eta azaleraren ia erdia, berriz, pagadiak osatzen du.
Horrez gain, azpimarratzekoa da pago lepatu zahar asko eta hildako egur ugari daudela bertan. Hain justu, biziraupena bermatzeko, zenbait espeziek hildako egur hori behar dute.
Horregatik guztiagatik, 2004. urteaz geroztik 2000 Sarearen parte izatera pasa zen Artikutza. Alegia, espezieak eta haien habitatak babestera bideratutako naturguneen Europako sarearen barruan dago egun, eta Nafarroan dauden Garrantzia Komunitarioko 42 Lekuetako (GKT) bat da.
Esanak esan, San Agustin eguna inguruetako paisaiaz gozatzeko eta hitzartutako ekintzetan gozatzeko aukera paregabea da. Galdu ezineko hitzordua da bailarako herritar askorentzat. Gertutasuna izan daiteke aitzakia nagusia, baina, esan bezala, denetarik egiteko eta ikusteko aukera izanen da Artikutzan abuztuko azken igande honetan.