Amabirjin eguna biziko dute gaur Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 15a, 00:00

Suhiltzaileak izan ziren txupinazoan protagonista nagusiak.

Meza, ohiko prozesioa, zezenak, pilota partiduak, bertso saioa eta afari herrikoia izanen dira eguneko ekitaldi nagusiak.

Suhiltzaileek itxaferoa bota zuten atzo eta Goizuetako Amabirjin festak lehertu ziren. Gazteen egunean giro ikaragarria izan bazen, ez zen gutxiago izan fiesten hasiera. Ehundaka goizuetar eta bisitari elkartu ziren plazan fiestei ongi etorria emateko.

Aurretik, Lasturko zezenek, zilipurdika utzi zuten gazteren bat eta gau pasaz, logurearekin, zeudenak esnatu zituzten. Ondoren, eguerdian, txupinazoa eta gero, erraldoi eta buruhaundiekin gozatu eta beldurtu ziren umeak. Txosna ere ireki zen eta arratsaldean, Umore Ona Peñakoek kaleak girotu zituzten txarangarekin. Gauean 'lan' hori, eguna amaitzeko, Laiotzek hartu zuen plazan dantzaldiarekin. Ondoren parranda eta festa giroa nagusitu zen.

 

Bertso saio bikaina
eta ondoren afari herrikoa

Gaur, Amabirjin eguna ospatuko dute herrian. Ekintza mordoa izanen da egun osoan zehar, goizeko 07:30etatik gaueko 21:30ak arte. Urteroko bertso saioa ere izanen da, jakina. Bertsotan ariko dira Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Unai Agirre eta Joanes Illarregi. Gai-jartzailea, berriz, Aritz Zerain izanen da. Gainera, ez du hutsik eginen afari herrikoiak. Umore Ona Elkartean elkartuko dira herritarrak, eta elkarrekin gozatuko dute jai-giroan. Ikastolan dantzaldia, DJ Mikeltxirekin izanen da eta elkartasun elkarretaratzearekin falta direnak gogoratuko dira.

 

Bihar, egitarauak indarra hartzen du

Bihar, San Roke eguna ospatzen da eta Goizuetako jaietan egitarauak indarra hartzen du. Haurrak protagonista bihurtzen dira puzgarri, ur-txirrista eta apar festarekin. Heldu zein haurrentzako toka txapelketa izanen da eta sagardogile onenen sagardo dastaketa egonen da. Arratsaldean pentatloi proba ikusgarria dago iragarrita herri kiroletan. Iratzar taldeak itxiko du eguna.

 

ABUZTUAK 15 Amabirjin Eguna

07:30 Diana dultzaineroekin.

08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin.

10:30 Meza nagusia eta ohiko prozesioa.

12:00 Erraldoi eta buruhandiak dultzaineroekin herrian zehar.

12:00 Pilota partiduak. Gazteen artekoa: Garmendia-Lujanbio/Salaberria-Sagardui. Lehendabiziko mailako afizionatuak: Senar-Lizeaga/Lizeaga-Alduntzin.

13:30 Igandea txaranga.

17:30 Zezenak Lasturren eskutik.

19:00 Bertso saioa. Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Unai Agirre eta Joanes Illarregi. Gai jartzailea Aritz Zerain.

Ondoren Elkartasun elkarretaratzea.

Ondoren Igandea txaranga.

21:30 DJ. Mikeltxirekin Dantzaldia ikastolan.

21:45 Afari herrikoia. Umore Ona elkartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!