Heldu da, azkenean, urteko asterik esperoenetakoa. Hementxe ditugu Amabirjin fiestak, eta motorrak berotuta, gaur emanen diete hasiera herriko Jaiei. Joan den igandean ireki zuten egitaraua umeen egunarekin, eta ederki gozatu zuten etxeko txikienek zein helduek goizeko eta arratsaldeko ekintzekin. Motorrak berotuta, sei eguneko fiestak ospatuko dituzte goizuetarrek.
Egitaraua osatu dute Guraso Elkarteak, presoen aldeko elkarteak, gazte taldeak, Umore Ona Elkarteak, Goittikik, tabernariek eta Udalak. Burubelarri aritu dira jaiak prestatzen, eta denetarik egiteko aukera izanen da datozen egunetan, gaurtik hasita datorren ostegunera arte. Gainera, adin tarte guztietako herritarrentzat prestatu dituzte ekintzak. Beraz, aspertzeko tarterik ez da izanen Goizuetan.
Bere aldetik, jaien atarian, adierazpena egin du Udalak: «Bi urteko etenaren ondoren, berriz ere bueltan dira hainbeste maite ditugun Goizuetako festak. Gogotsu gatoz, eta aurtengoan egitarau borobila osatu dugu Goizuetako Udalak eta herriko eragile eta tabernariek, elkarlanean. Aurten bai, adin guztientzako ikuskizun eta ekimenak izango ditugu, eta zuen gustukoak izatea espero dugu». Horrekin, egun hauetan gozatzeko esan du, «betiere kontsumo arduratsua eginez eta jarrera parekidea izanda». Diote, «gaua eta parranda guztionak dira, hortaz, goza dezagun errespetuan. Hala izango ez balitz, jakin erasoen aurrean nola jokatu jakiteko protokoloa martxan dagoela».
Horrez gain, zenbait ohar luzatu ditu Udalak. Hasteko eta behin, nabarmendu du ez dituela bere gain hartuko «jai hauetan gerta daitezkeen zorigaitzak». Horrekin batera, «zezenetan dabiltzanei eskapabidea errazagoa egiteko», barreren gainean inor ez esertzeko eskaera egin dute. Gainera, gogorarazi dute 16 urtez azpikoek debekatuta dutela zezenetan ateratzea. Zezenekin lotuta, zezenak diren egunetan, plaza libre utzi beharko da ordubete lehenago. Arduraz jokatzeko mezua ere luzatu dute: «Festa eta gozamenaren gainetik, elkarrenganako errespetua dago. Pertsonak eta ingurua zaindu ditzagun eta garbi mantendu!».
Amaitzeko, Goizuetara bertaratzeko gonbita luzatu die herritarrei: «Egunez nahiz gauez ongi pasatzeko, kalera ateratzeko edota herrira etortzeko gonbita luzatzen dizuegu herritar zein bisitari guztiei. Falta ditugunak gogoan, ongi pasa festak! Gora Goizuetako festak!».
Txarangak, dantzaldiak, bingoa, otorduak...
Gaur irekiko da jaien egitaraua, eta datorren ostegunera bitartean, makina bat egiteko izanen da Goizuetan. Gaurkoan, Pilota Goxoa txapelketaren finalak emanen dio hasiera agendari, 11:00etan hasita. Ondoren, hainbeste esperotako gazte bazkaria eginen dute Ikastolan, 14:30ak alde. Hantxe piztuko da giroa, eta Zuttik Elektrotxarangarekin jarraituko du festak bazkalondoren, 18:30etan. Jaiak ez du etenik izango, gazte txupinazoa izanen baita 20:00etan eta, segidan, Goittikiren aldeko bingoa eginen dute. Egitarauko hitzorduak amaitzeko, Gabezin taldearekin dantzaldia izanen da plazan.
Atsedenik ez da izanen Goizuetan. Izan ere, igandean, goizean goiz esnatuko dute herria Lasturko zezenek. Gaupaseroak oraindik ere kaleetan barrena daudela, entzierroa izanen da 08:00etan. Gero, 12:00etan, jaiei hasiera emanen dien txupinazoa botako dute Goizuetako Suhiltzaile Boluntarioek. Segidan aterako dira erraldoiak eta buruhaundiak Igandea txaranga doinuekin, eta orduantxe izanen da txosna irekiera. Arratsaldean, dantzarako eta ondo pasatzeko aukera ere izanen da Umore Ona Peñaren irteerarekin, Goittikiren aldeko bingoarekin, Laiotzen kontzertuarekin eta Igandea txarangarekin.
Egitaraua jarraituta, gainera, protagonismo berezia izanen du aurten, Igandea txarangak. Gaurkoan izan ezik, egunero-egunero alaituko ditu Goizuetako kaleak, beraz, bada nabarmentzekoa honen presentzia aurtengo jaietan.
Etzi, Amabirjin eguna ospatuko dute herrian. Ekintza mordoa izanen da egun osoan zehar, goizeko 07:30etatik hasiera gaueko 21:30ak arte. Urteroko bertso saioa ere izanen da, jakina. Bertsotan ariko dira Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Unai Agirre eta Joanes Illarregi. Gai-jartzailea, berriz, Aritz Zerain izanen da. Gainera, ez du hutsik eginen afari herrikoiak. Umore Ona Elkartean elkartuko dira herritarrak, eta elkarrekin gozatuko dute jai-giroan.
Umore Ona Peñaren egunak ere urteroko lekua du aurtengo egitarauan. Hilaren 18an izanen da, azken egunean. Pilota partiduak, txaranga, bazkaria, zezenak, bingoa, dantzaldia eta beste asko izanen dira herrian. Dj. Bull-ek ere ez ditu Goizuetako festak galdu nahi izan, eta hantxe izanen da datorren ostegunean, bere musikarekin jaiak modu ezin hobean amaitzeko prest. Haurrak, gazteak zein helduak dantzan jarriko ditu festen azken egunean.
Autobus-zerbitzua martxan, fiesten egun guztietan
Urumea bailaran aski ezagunak dira Amabirjin fiestak, eta herritar mordoa bertaratzen da Goizuetara urteko egun hauetan. Hori horrela izanik, autobus-zerbitzua jarri dute aurten ere. Goizuetatik egunero izanen dira irteerak, eta baita Hernanitik ere. Gaurkoan, irteerak 10:00etan eta 18:00etan izanen dira Goizuetatik; Hernanitik Goizuetara, berriz, 11:00etan eta 19:00etan abiatu ahal izanen da. Bihar Hernanira itzuli nahi dutenek, bi autobus izanen dituzte goizean itzulerarako, 09:00etan. Arratsaldean itzuli nahi izanez gero, 18:00etan egonen da horretarako aukera.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, plazak bete arte igo ahal izango da jendea autobusera. Alegia, ez da izanen aurretik txartelen erosketarik. Goizuetan, irteeran Belakotik izanen dira eta Hernanin Biteriko autobus-geltokia izanen da festara batu nahi dutenen topagunea.
EGITARAUA
GAUR, ABUZTUAK 13 Gazte Eguna
11:00 Pilota Goxoa txapelketaren finala.
14:30 Gazte Bazkaria Ikastolan.
18:30 'Zuttik' elektrotxarangarekin Poteoa.
20:00 Gazte Txupinazoa Gaztetxean.
20:30 Goittikiren aldeko Bingoa Ikastolan.
23:00 Gabezin taldearekin dantzaldia.
BIHAR, ABUZTUAK 14
08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin.
12:00 Jaiei hasiera emango die Txupinazoak.
Ondoren Erraldoiak eta buruhandiak Igandea txarangarekin.
Txosna irekiera.
18:30 Umore-Ona peñaren irteera ikastolatik txarangarekin.
20:30 Goittikiren aldeko Bingoa Ikastolan.
23:00 Laiotz taldearekin dantzaldia.
Ondoren Igandea txaranga.
ABUZTUAK 15 Amabirjin Eguna
07:30 Diana dultzaineroekin.
08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin.
10:30 Meza nagusia eta ohiko prozesioa.
12:00 Erraldoi eta buruhandiak dultzaineroekin herrian zehar.
08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin.
10:30 Meza nagusia eta ohiko prozesioa.
12:00 Erraldoiak eta buruhandiak dultzaineroekin herrian zehar.
12:00 Pilota partiduak. Gazteen artekoa: Garmendia-Lujanbio/Salaberria-Sagardui. Lehendabiziko mailako afizionatuak: Senar-Lizeaga/Lizeaga-Alduntzin.
13:30 Igandea txaranga.
17:30 Zezenak Lasturren eskutik.
19:00 Bertso saioa. Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Unai Agirre eta Joanes Illarregi. Gai jartzailea Aritz Zerain.
Ondoren Elkartasun elkarretaratzea.
Ondoren Igandea txaranga.
21:30 DJ. Mikeltxirekin Dantzaldia ikastolan.
21:45 Afari herrikoia. Umore Ona elkartean.
ABUZTUAK 16
11:30-14:00 Haurrentzako puzgarriak (Ur Txirrista) eskolan.
11:30 Toka txapelketa heldu eta haurrentzat.
12:00 Nafarroako eta Gipuzkoako sagardogile onenen parte-hartzearekin sagardo probaketa plazan.
13:00 Igandea txaranga.
15:00-17:30 haurrentzako puzgarriak (Ur txirristra) eskolan.
17:00 Opor festa.
18:00 Herri kirolak. Pentatloia. Julen Kañamares-Aratz Mugertza (100 kiloko bola, gizaproba, aizkora, txingak eta korrika).
Ondoren Igandea txaranga kaleetan barrena.
Ondoren Iratzar taldearekin dantzaldia.
Ondoren Igandea txaranga kaleetan barrena.
ABUZTUAK 17
11:00 Erraldoiak eta buruhandiak trikitilariekin herrian zehar.
12:00 Pilota partiduak. Neskak: Sagardui-Madariaga/Legarreta-Martinez. Lehendabiziko mailako afizionatuak: Txoperena-Urrozola/Astiz-Odriozola.
13:30 Igandea txaranga.
17:00 17. Mus Txapelketa Ixkibi kanpinean.
18:00 Umore Ona dantza taldekoak plazan.
Ondoren Igandea txaranga.
23:00 Hip Hop gaua plazan Uzi Cuzy-MxK3r-Frank-Juncho-Rig3l.
ABUZTUAK 18 Umore-Ona Peñaren Eguna
12:30 Umore Ona Peñaren irteera ikastolako tabernatik.
12:00 Pilota partiduak. Lau T'erdikoa. De la Fuente/Mata. Goizueta-Arano: Apezetxea-Apezetxea/Olaizola-Lizeaga.
Ondoren Igandea txaranga.
14:30 Umore Ona Peñaren bazkaria ikastolan.
17:00 Umore Ona Peñaren kalejira Igandea txarangarekin.
18:30 Zezenak Lasturren eskutik.
20:30 Goittikiren aldeko Bingoa Ikastolan.
00:00 Udaletxe aurrean festen bukaera ekitaldia Igandea txarangarekin.
Segidan Txamukos mariatxiekin dantzaldia.
Ondoren Igandea txaranga.
01:30 DJ Bull txosnan.
AUTOBUS ZERBITZUA
GAUR
Goizuetatik, 10:00- 18:00.
Hernanitik, 11:00-19:00.
BIHAR
Goizuetatik, 09:00(2)- 18:00.
Hernanitik, 10:00(2)-19:00.
ASTELEHENA 15
Goizuetatik, 09:00(2).
Hernanitik, 10:00(2).
ASTEARTEA 16
Goizuetatik, 09:00-15:00.
Hernanitik, 12:00-19:00.
ASTEAZKENA 17
Goizuetatik, 09:00-15:00.
Hernanitik, 12:00-19:00.
OSTEGUNA 18
Goizuetatik, 09:00-15:00.
Hernanitik, 12:00-19:00.
OSTIRALA 19
Goizuetatik, 09:00-15:00.
Hernanitik, 12:00-19:00.